AKTUALITATEA

| 2020-06-30

Maddalen Iriartek autogobernuari eta erabakitzeko eskubideari buruz agindutakoa eta euskal gizarteari emandako hitza ez betetzea egotzi dio gaur Bastidan, Arabako Errioxan, EAJren hautagaiari, eta ez dio sinesgarritasunik eman, beraz, Urkulluk orain, hauteskunde kanpainan, horren inguruan agintzen ari denari, “marmotaren eguna” dirudi eta. “Urkulluk dio gure herria zutik jarri nahi duela. Zutik Euskadi, Urkullu jauna? Herrialdea erori zaizu? Zutik Euskadin, belauniko Madrilen”.

Iriartek gogora ekarri du EH Bilduk “eskua luzatuta” izan duela beti erabakitzeko eskubidearen alde akordioak lortzeko. “Legealdi honetan EAJrekin akordio batera iritsi gara erabakitzeko eskubidearen alde, herri honen gehiengo politiko eta soziala ordezkatzen zuen estatus berriaren aldeko akordioa, baina zer gertatu da ordutik? Argi eta garbi esango dugu: Urkullu jaunak euskal estatus berria murriztu du, erabakitzeko eskubidea murriztu du”, “herri honen erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen gonapean sartzea” hobetsi duelako. “Idoia Mendiarekin batera euskal estatusa geldiarazi zuenean egin zuen. Rajoyren aurrekontuak onartu zituenean egin zuen, 155. artikulua aplikatzen zen bitartean. Eta hurrengo egunean zentsura mozioak adosten ari zen PSOErekin. Ortuzarrek esan du Euskadiko kamiseta jantzi behar dela, baina Madrilen egiten dutena txaketa aldatzea da”.

EAJk erabakitzeko eskubidea alde batera utzita, EH Bilduren lehendakarigaiak herri honetako subiranista guztiei dei egin die “hautestontziak erabakitzeko eskubidearen aldeko botoz betetzeko”. “Boto bakar bat ere ez 155ekoentzat. Boto bakar bat ere ez 155a indarrean egonda haiekin negoziatzen dutenentzat. Boto bakar bat ere ez Madrilen belaunikatzen direnentzat”.

Mikel Oterok boto antifaxista eskatu du ultraeskuinari aurre egiteko

Mikel Otero Arabako zerrendaburuak ere hartu du parte Bastidako ekitaldian, non zehaztu baitu zein den hauteskunde hauetan arabarren misio nagusietariko bat: “PPren ordezkaritza ahalik eta txikiena izatea, eta zer esanik ez, Vox-en mamua urruntzea. Munstro horiek ez gauzatzeko, ezinbestekoa da Legebiltzarrean ez sartzea, eta PP residuala izatea. Vox birrintzeko irrikitan dauden guztiei esaten diegu uztailaren 12an aukera ezin hobea dagoela espainiar ultraeskuinei aurre egiteko”. Hala, Vox eta PPri “min gehien egiten diena” EH Bilduren boza dela gogorarazi eta “hautestontziak EH Bilduren boto antifaxistekin betetzera” dei egin die Oterok arabar guztiei.