AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2026-06-15

Datorren asteazkenean, EH Bilduk bultzatutako osoko bilkura monografikoa egingo dute Eusko Legebiltzarrean, bizitzaren garestitzeari buruzkoa, eta bertan etxebizitzaren krisia ardatz nagusietako bat izango da, euskal herritarren arazo nagusia baita azken inkestek baieztatu duten bezala. Osoko bilkura horren bezperan, Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko buruak The Future of Rethinking The State foroan parte hartuko du, Institue for Innovation and Public Purpose erakundeak antolatuta. Etxebizitzaren eraikuntzari zuzendutako proposamen bat aurkeztuko du.

Foro horretan, hainbat testuingurutan lan egiten duten akademikoak eta profesionalak biltzen dira, eta Estatuaren rola birpentsatzen eta balio publikoa sortzen duten ekonomiei forma ematen sortzen diren aukera eta mugei buruzko ikuspegia ematen ahalegintzen dira.

Etxebizitza da Europako gizarteen arazo nagusietako bat, baita Euskal Herrikoa ere. Otxandianok EH Bilduk etxebizitzaren krisiari aurre egiteko aurkeztu duen ekimen politikoa azalduko die Londresen bildutako akademiko eta profesionalei. ‘Posible 30K’ ekimenaren helburua da administrazio publikoak 30.000 etxebizitza eskuragarri berri eraikitzea eta, guztira, 60.000 etxebizitza eskuragarri merkaturatzea. 

Otxandianok beste urrats bat egingo du, eta etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko modua zehaztuko du, eraikuntzaren industriari zuzendutako proposamen batekin. Industrializazio berdea, berrikuntza teknologikoa eta eraldaketa ekonomikoa bultzatzeko aukera estrategiko gisa ulertzen du bihar aurkeztuko duen proposamena.