AKTUALITATEA

| 2019-04-04

EH Bilduk kontratazio publikoetan klausula sozialak arautzeko lege proposamena jarri du gaur mahai gainean Legebiltzarrean Administrazioaren kontratazio guztietan lan baldintza duinak bermatzeko. Larraitz Ugartek azpimarratu duenez, Jaurlaritza ezin da izan prekarietatea areagotzen duena, berari kalitatezko enplegua sortu eta sustatzea baitagokio. Hala ere, EAJ eta PSE gobernukideek eta PPk EH Bilduren proposamena tramitatzearen aurkako boza eman dute eta, Ugartek salatu bezala, prekarietatea sustatzen jarraitzeko borondatea agertu dute finean.

Legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bilduren lege proposamenak kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea planteatzen du, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datu ekonomikoak eta bizi maila kontuan hartuta, horixe delako “gutxieneko duintasuna bermatzeko soldata”.

Ugartek gogora ekarri du 55.000 pertsonak lan egiten dutela, zuzenean edo zeharka, administrazio publikoentzat eta, horren ildotik, erantsi du administrazioen ardura dela enpresa pribatuek ezartzen dituzten lan baldintzak eta diru publikoarekin ordaintzen dituzten soldatak zaindu eta arautzea. “Ez dugu bi erritmotako administrazio bat nahi, administrazio bat non funtzionarioen lan baldintzak errespetatzen diren eta, paraleloan, pribatizatutako administrazio bat non lan baldintzak prekarioak diren eta horren aurrean Jaurlaritzak muzin egiten duen”.