AKTUALITATEA

| 2019-03-29

Jaurlaritza EH Bilduren lege proposamena tramitatzearen aurka agertu da argudio juridiko bat bera ere eman gabe. Ulertezina da Bizkaian jada aplikatzen ari den irizpidea EAE osoan aplikatzea galarazi nahi izatea; praktikan, Gobernuak alfonbra gorria ipini die enpresei, diru publikoa hartu eta gero produkzio beste herri batera eraman ahal dezaten.

EH Bilduk lege egitasmoa aurkeztu zuen duela hilabete bat Legebiltzarrean enpresen deslokalizazioa eragozteko. Horren arabera, deslokalizatuz gero, enpresek azken 10 urteotan jasotako diru-laguntza publiko guztiak itzuli beharko lituzkete. Jaurlaritzak, hala ere, proposamena tramitatzearen aurka agertu da argudio juridiko bat bera ere eman gabe. Iker Casanovak salatu duenez, “Gobernuaren erantzuna ulertezina da, planteatu duguna hein batean Bizkaian jada egiten ari delako foru arau baten bidez; beraz, argi dago juridikoki ez dagoela inolako oztoporik Bizkaian aplikatzen diren neurriak edo antzekoak EAE osoan legez arautzeko. Gure lege proposamena blokeatzeko Lakuak erabiltzen dituen argudioak politiko eta ekonomikoak dira, ez juridikoak, eta modu horretan alfonbra gorria ipintzen ari zaie enpresei diru-laguntza publikoak jaso eta gero produkzioa edota enpresa bera beste herri batera eraman ahal dezaten”.

EH Bilduko legebiltzarkideak “heldutasun politiko faltaz eta mendeku gosez” aritzea egotzi dio Urkulluren Gobernuari, “haren egutegi legegilea betetzeko gai ez izateaz gain, orain oposizioaren ahalmen legegilea eragotzi nahi baitu”.

Casanovak PSEren jarrera salatu bereziki, “etengabean erakusten ari delako Lakuan hutsaren hurrengoa dela eta ez duela politikoki eragiteko inolako gaitasunik norabide neoliberal argia hartu duen gobernu horretan, atzo bertan Legebiltzarrean berriz ere agerian utzi zuten moduan, 1.200 euroko gutxieneko soldataren aldeko EH Bilduren proposamenari ezezkoa emanda. Espero dugu oraingoan EAJ eta PSEk bi aldiz pentsatuko dutela eta deslokalizazioen kontrako gure lege proposamena tramitera onartuko dutela, Jaurlaritzaren irizpidea aurkakoa izan arren”.