Albisteak

EH Bilduren alkateek informazio gardena eta elkarlanean aritzea eskatu diote Jaurlaritzari pandemiari aurre egiteko


Lakua neurriak udalak kontuan hartu gabe erabakitzen ari dela deitoratu dute. “Abandonaturik” sentitzen direla aitortu eta, batera arituz gero, birusaren kontrako neurriak eraginkorragoak izango liratekeela azpimarratu dute. Aztarnarien taldea indartzea eta zaintzarako neurriak aktibatzea proposatu dute

EH Bildu | 2020-07-22 17:06:00

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Itziar Biguri Urduñakoak eta Xabier Alvarez de Arcaya Urkabustaizkoak kezka agertu dute gaur Donostiako Bilgunean egindako agerraldi batean “pandemiaren kontra egiten ari den kudeaketan udalerriok aintzat hartzen ari ez gaituztelako”, eta informazio gardena eta elkarlanean aritzea eskatu diote Jaurlaritzari. “Elkarlanean eta gardentasunez aritzeko garaia da hau, bakoitza bere eremu instituzionalean, baina denok batera, auzolanean. Gu lanean ari gara gure udaletan, erantzukizunez, dagozkigun eskumenak baliatzen, baina bakardadean aritzearen sentsazioa dugu, abandonaturik, egoera honetan beharko genituzkeen baliabiderik eta, batez ere, informaziorik gabe. Hala eta guztiz ere, konfiantza itsu-itsuarekin dihardugu, eta eskertuko genuke konfiantza hori Jaurlaritzaren aldetik ere jasotzea, pandemiaren kontrako eraginkortasuna biderkatzea lortuko genukeelako”.
Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak eta lekuan lekuko egoera eta premiak zein diren hobekien dakitenak udalak direla gogora ekarri ostean, EH Bilduren alkateek deitoratu dute “Jaurlaritza ez dela ezagutza hori guztia baliatzen ari, bigarren mailako administrazioak bagina bezala”. Ohartarazi dutenez, “gure udalerrietan sekulako eragina duten neurriak udalekin kontrastatu gabe agintzeak, eta gure iritziak, irizpideak eta, batez ere, baliabideak kontuan hartu gabe erabakiak hartzea ez da eraginkorra; aldebakartasunez ezin zaio egoera honi aurre egin. Duela ez hainbeste Iñigo Urkulluk horixe bera leporatzen zion Pedro Sanchezi”.
Lakuako Gobernua udalekin elkarlanean arituz gero, “detekzioan, prebentzioan eta babesean askoz eraginkorragoak izango gara”, esan dute, eta “udazkenean egoerak okerrera eginez gero, ezingo diogu orain ari garen moduan aurre egin, horretarako tokiko erakundeekin batera koordinatuta lan egitea ezinbesteko baldintza delako”.
Alkateek elkarlanean aritzeko prestasun osoa dutela berretsi dute, eta norabide horretan bi proposamen egin dizkiote Jaurlaritzari: batetik, aztarnarien lantaldea indartzea, egun zeregin horretan ari diren 180 profesionalak kutsatuta egon daitezkeen kontaktuak atzemateko nahikoa ez direlakoan. “Alemanian duten ratiora iristeko, hemen 562 aztarnari beharko genituzke. Ez dugu hori bat-batean eskatuko, baina uste dugu ezinbestekoa dela premiaz gutxienez 70 aztarnari gehiago kontratatzea, eta udazkenari begira kopurua are gehiago igotzea”.
Bigarrenik, zaintzarako neurriak aktibatzea eskatu dute, “Jaurlaritzak familientzat oinarrizkoak diren zerbitzuak ixteko agindua eman baitu”. Horren harira azaldu dutenez, “bereziki kezkatzen gaitu eguneko zentroak ixteko erabakiak, horrek zaintza ardurak etxeetara itzularazi dituelako, sarritan familietan kontziliazioa eragotziz eta zentro horietako erabiltzaileen behar bereziak kontuan hartu ere egin gabe”. Alkateen iritziz, “ezinbestekoa da lekuan lekuko egoera aztertuz babes edo prebentzio neurriak lehenbailehen aktibatzea eta, zentzu horretan, eguneko zentroak berriro irekitzeko plangintza premiaz egitea”.
Halaber, erantsi dute, “haurren zaintzarako neurriak aktibatu behar dira ezinbestean, irtenbidea ezin delako izan udaleku guztiak ixtea eta familia asko ezinbesteko duten baliabide hori gabe uztea; plangintza integral bat martxan jartzea eskatzen dugu, lekuan lekuko baldintzen arabera haurrei zein monitoreei osasun bermeak emango dizkiena”.