AKTUALITATEA

| 2020-06-22

Atzo, ekainaren 21an, Frantzia eta Espainiako gobernuek mugak berriz irekitzeko erabakia hartu zuten, Europar Batasunaren irizpideen baitan eta turismoaren sasoia ahalbideratzeko.

Krisi sanitarioaren hasieratik, estatu bakoitzaren esku gelditu dira globala den pandemiari aurre egiteko politiken diseinu eta gauzapena. Euskal Herriko lurraldea banatzen duten bi estatuek bakoitzak bere gidoiari heldu dio krisiari erantzuteko orduan. Horrek denbora eta eraginkortasun aldetik galera nabarmenak ekarri ditu gure herrian.

Ondorioz, lehen unetik agerian geratu zen dirudienez “mugaz eta lurralde banaketaz deus ez dakien birusa”-ren bizipena ez zela berdina izango, ez gutxienez protokolo ofizialak jarraituta, Irunen edo Hendaian, Beran edo Saran, Urepele edo Arnegin bizi.

Bigarren mailakoa irudi daitekeen mugen aferak, osasun larrialdiaren itzalpean neurri gabeko boterea pilatu duten bi estatu gobernuek, Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatzeko edo zuzenki eten egiteko duten gaitasuna erakutsi dute, konplexurik gabe. Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotuz. Ez da lehen aldia. Orain dela hilabete batzuk bi estatuek mugak itxi ziguten G7ren kari, euskal herritarrok kalte ugari pairatuz.

Bi estatuek beraien izaera uniformizatzailea sendotzeko baliatu dute osasun larrialdi egoera. Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa, etab eten egin digute, inposaketaren bitartez. Bestetik, salatu behar dugu erabaki horiek ez dutela ekarri onurarik euskal herritarrengan, ez osasuna aldetik, ezta beste arloetan ere. Baliabideen erabilpena eta informazioaren kudeaketaren aldetik hiru lurraldeak itzalpean gelditu dira. Ipar Euskal Herrian pandemiaren eboluazioaren datu bat ere ukan dugu: desinformazioa izan da nagusi.

Orain inposatzen diguten mugak ireki dute, ez euskal herritarengan pentsatuz, baizik eta turismoa sustatzeko. Gure herrian turistak bezala kontsideratzen gaituztelako.

Autokrazia eta zentralismoaren aitzinean, inoiz baino beharra handiago sentitzen dugu nazio eta herri bezala bizitzea, erabakitzea eta baliabide eta tresnak indartzea. Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifitzialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki behar dugu, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko.