AKTUALITATEA

| 2020-07-30

Atzo Pariseko Dei Gorteak Josu Urrutikoetxea zaintza elektronikoan aske uzteko erabaki firmea hartu zuen. Gaur goizean, beraz, Urrutikoetxea La Santé espetxetik aske gelditu da kontrolpean. EHBai eta EH Bilduk gure besarkadarik tinkoena helarazi nahi dizkiogu Josuri zein bere senide eta lagun guziei. Izan ere, ezinbestean azpimarratu eta gogorarazi behar da Urrutikoetxea protagonista nagusietariko bat izan dela Euskal Herrian konponbide eszenatoki baten aldeko lanean.

Urrutikoetxearen zaintzapeko askatasunak pozten bagaitu ere, ez du estaltzen haren atxiloketaren gibelean frantses eta espainiar estatuen aldetik zegoen mendeku politikoa, ez eta horren ondorioz azken hilabete luze hauetan pairatu behar izan dituen krudeltasun eta mendekua ere. Atxilotu, espetxeratu eta frantses prozeduren baitan aske gelditu ondoren, espainiar prozeduren aitzakiapean preso mantendu zuten, nahiz eta eri izan eta ebakuntza eta arta berezia behar izan.

Urrutikoetxearen zaintzapeko askatasunak ez du gordetzen ere Macronen Gobernuak euskal preso politikoen egoerari aterabide global baten baitan pauso berriak emateko duen borondate eza. Azken asteotako aktualitatea berriz gogoratzea besterik ez da egin behar: Covid 19aren osasun larrialdiaren baitan askatzen ahal zituzten presoak espetxean atxiki, Jakes Esnalen baldintzapeko galdeari dei egin, Mikel Barrios kartzelaratu eta, azkenik, joan den ostiralean, Xistor Haranburu fiskaltza antiterrorista nazionalak dei egin izana haren baldintzapeko askatasuna blokeatzeko.

Macronen Gobernuak Euskal Herrian behin eta berriz konponbide politikoaren baitan eskatzen duen etapa berri bat eraikitzeari uko egiten dio. Aplikatzen zaien heriotza zigorra ez dugu onartzen, Jon, Jakes, eta Xistor aske eta gure artean nahi ditugu! Presondegiak husteko garaia da! Euskal preso politikoak gure artean aske nahi ditugu!

Ezin dugu onartu zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak eta gaixotasun larriak dituztenak espetxeratuta izatea. Ezin dugu onartu euskal presoak beren etxeetatik ehunka kilometrora izatea, haien senitartekoak zigor bikoitz batera kondenatuz. Ezin dugu onartu euskal presoen eskubideak ez errespetatzea.

Euskal preso politiko guziak askatzeko garaia da. Iheslari eta deportatu guziak herrian eta libre izateko garai da. Horregatik, etxeratze bideari bultzada emateko ekimen guzietan parte hartzeko deialdia egiten dugu, eta bereziki:

  • Igande honetan Etxeratek burutuko duen hondartzetako ekimenean.
  • Izan Bideak antolatzen dituen ekimenetan.
  • Irailaren 19an, Ipar Euskal Herrian, “Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da!!” mobilizazio egunean.