Albisteak

Arnaldo Otegik herri akordioak nahi ditu herri gisa ditugun erronka nagusiei behar bezala erantzuteko

Otegiren ustez, “kultura politiko berriak herri akordio handiak eskatzen ditu” eta, norabide horretan, EH Bilduk estatus politiko berriaren testu artikulatu bat, Legebiltzarrean adostutako oinarrien araberakoa, aurkeztuko du ekainean.

EH Bildu | 2019-05-22 20:19:00

EH Bilduk herri akordioak nahi ditu eta halaxe berretsi du Arnaldo Otegik gaur arratsaldean Durangon, bere iritziz, hori baita bidea “herri gisa ditugun erronka nagusiei behar bezala erantzuteko”. Are gehiago, “kultura politiko berriak herri akordio handiak eskatzen” dituela esan du, eta ziurtatu du EH Bildu ez dela bide horretatik aterako.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gogora ekarri du koalizioak akordio zabalak eskaini dituela etengabe azken urteotan, bestela ezinezkoa izango delako arrakastaz aurre egitea datozen urteotan Euskal Herriak izango dituen erronka eta arazoei. Otegik zehaztu du zein diren erronka nagusi horiek eta, lehenik eta behin, erronka demografikoa aipatu du. Azaldu duenez, euskal jendartea zaharkitze prozesu batean murgildurik dago eta horrek zaintza sistema publikoa indartzea eskatuko du ezinbestean, betiere kontuan hartuta zaintzarena sektore guztiz feminizatua dela.

Halaber, aldaketa klimatikoa eta trantsizio energetikoa, industriaren krisia, gazteen prekarietatea, emakumeek pairatzen duten soldata arrakala, porlanean eta azpiegitura handietan oinarritzen den politika ekonomikoa, klientelismoa eta ustelkeria… horiek ere dira, Otegiren aburuz, herri gisa aurre egin beharreko erronka nagusiak, eta, horretarako, erabakitzeko eskubidea, burujabetza, ezinbesteko tresna da, azpimarratu duenez.

Hori dela eta, Gasteizko Legebiltzarrean lantzen ari den estatus politiko berriaren garrantzia nabarmendu du, eta iragarri du EH Bilduk ekainean aurkeztuko duela estatus berriaren testu artikulatu bat, EAJ eta Podemosekin adostutako printzipioetan oinarritutakoa. Izan ere, testu artikulatuaren lanketan ari den adituen taldeak aurrera egiten ez duela ikusirik eta ‘impasse’ egoera horrekin kezkaturik, EH Bilduk ekimena hartzea erabaki du lanak azkartzeko, estatus politiko berria aurreikusitako epean esku artean eduki ahal izateko. Horren ildotik, Otegik eskua luzatu die erabakitzeko burujabetza defendatzen duten sektore guztiei elkarlanean aritzeko, erabakitzeko eskubidea tresna delako politika sozial aurreratuak egiteko.

Bea Ilardia: “Bizkaian EH Bildu indartsua behar dugu”

Ima Garrastatxu Durangoko alkategaia eta Bea Ilardia ahaldungai nagusia ere izan dira Durangon Otegirekin. Ilardiak Bizkaiak “EH Bildu indartsua” behar duela esan du, EH Bildu delako “berme bakarra lan eta gizarte gaietan atzerapausorik ez emateko, adineko jendeari zerbitzu duinak eskaintzeko eta langileei lan baldintza duinak ziurtatzeko”. Kudeaketa gardena eta parte-hartzailea ere agindu du EH Bilduko hautagaiak, “Bizkaia dekretu bidez gobernatzeari uzteko”.

Otegik, Garrastatxuk eta Ilardiak ez ezik, Francisco Garcia BNGkoak, Allarizeko alkate ohiak, ere parte hartu du ekitaldian. Hark Orain Errepublikak Europarlamenturako hautagaitza babesteak duen garrantzia azpimarratu du eta halaxe egiteko eskatu die Euskal Herrian bizi diren galiziarrei.