Albisteak

Arnaldo Otegi: “Estatuaren inboluzio antidemokratikoa geratzeko boto erabilgarria boto subiranista da”


Pedro Sanchezek atzo Gasteizen ukatu zuen arren, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Bilbon ziurtatu du gaur PSOEk PPren abstentzioa bilatuko duela inbestidura aurrera ateratzeko, bere garaian Patxi Lopez Lehendakaritzara eraman zuen akordioa berrituta.

EH Bildu | 2019-11-02 12:21:00

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak boto subiranistaren balioa azpimarratu du gaur Bilbon, “inboluzio antidemokratikoa geratzeko bide bakarra dagoelako, duela egun batzuk Erorien Haranetik atera zuten horrek ondo lotua utzitako horrekin apurtzen duen gutxieneko programa bat izenpetu duten subiranistei botoa ematea, hain zuzen ere”. Hala, esan du, hil honen 10eko hauteskundeetan “boto erabilgarria boto subiranista da”. Otegiren esanetan, “antzinako garaietara eraman nahi gaituzten horiei aurre egingo dien boto bakarra errepublikazalea eta subiranista da, demokrazian, berdintasunean eta eskubideetan oinarritzen den oraina eta etorkizuna bermatzen duen bakarra”.

EH Bilduko buruzagiak ziurtatu du PSOE PPren abstentzioarekin saiatuko dela Pedro Sanchez presidente izendatzen, atzo bertan Gasteizen Sanchezek berak bide hori espresuki baztertu zuen arren. Hala eta guztiz ere, ohartarazi du Otegik, “hemen ez dugu ahazten Patxi Lopez eta Antonio Basagoiti elkarrekin egon zirela Jaurlaritzan, ezker abertzalearen ilegalizazioari esker”, eta oraingoan ere jokaldia errepikatuko dutela erantsi du, boto subiranistak eragotzi ezean. “PPren abstentzioarekin inbestidura aurrera ateratzea bilatuko du PSOEk, kontrarreforma eta inboluzio antidemokratikoaren alde gero eta nabarmenago egiten ari direlako”. Are gehiago, “PPk prezioa ere jarriko dio abstentzio horri: Kataluniaren eta independentista guztien aurka jarrera are gogorragoa izatea”.

Oskar Matute: “Haserrea boto bihurtzeko aukera”

Arnaldoren ildoari jarraituz, Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak ere “Estatuaren inboluzio antidemokratikoa” salatu eta oinarrizko eskubideen urraketak ekarri ditu gogora: “Taberna batean gertatutako borroka batengatik Altsasuko gazteak urteetan espetxean ditu eta izango ditu, 100 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako ordezkari politikoei eta sozialei hautestontziak jartzeagatik eta, bitartean, zigorrik txikiena jartzen die talde bortxatzaileei, Manresakoarekin gertatu den bezala”.

Matutek ezinbestekotzat jo du “astakeria horiei erantzutea”, euskal jendarteak jada egin duen moduan, “lehendabizi Donostiako kaleak betez, Katalunian gertatzen ari dena salatzeko eta beraiek ere beren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki nahi dutela aldarrikatzeko, eta aurreko larunbatean Iruñean, Altsasuko gazteei eta haien familiei elkartasun eta babesa emanez”. Bada, Donostian eta Iruñean bezala, gaur zortzi, hauteskundeetan, haserre hori adieraztera deitu du Matutek, “haserrea botoak bilakatzeko aukera paregabea daukagu orain”. Izan ere, “Espainiako Estatutik datozen injustiziei erantzuteko aukera eta tresna bezala hartu behar ditugu hauteskunde hauek”.

Egungo eszenatoki politikoan, azaldu du, “EH Bilduren botoak esangura argia dauka: justiziaren aldeko botoa da, injustizien aurrean; askatasunarena, inoiz eman behar ez ziren espetxe zigorren aurrean; duintasunarena, murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean. Finean, EH Bildurena erantzun botoa da, Estatuaren deriba antidemokratikoaren aurrean”.