Albisteak

Arnaldo Otegi “EH Bildu autoritarismoaren kontrako harresia da”


EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Cayetana Alvarez de Toledok EH Bildu ez bozkatzea eskatu duela gogorarazi eta boto masibo baterako deia egin du: “Beste arrazoiren bat gehiago behar duzue EH Bildu bozkatzeko?”.

EH Bildu | 2020-06-28 16:11:00

Arnaldo Otegik Aguraingo ekitaldi elektoralean parte hartu du gaur goizean, Araban, “autoritarismoaren aurkako abangoardian”, bere esanetan. “Maroto Gasteizko Udaletik kanporatu genuen lehenago, eta gero Kongresutik kanpo ere utzi genuen; eskuinari ere ez genion Estatuko Gobernura iristen utzi, ez eta Nafarroakora ere, EH Bildu autoritarismoaren kontrako harresia baita”.

Koalizioaren izaera antifaxista goraipatuta, Otegik EH Bilduri botoa ematera deitu du, boto masibo bat, berak aipatutako arrazoi guztiak gutxi balira, “atzo Cayetana Alvarez de Toledok, erreakzio autoritarioaren ordezkaririk onenak, EH Bildu ez bozkatzea eskatu zuelako”. Eta Otegik galdetu bezala, “beste arrazoiren bat gehiago behar duzue EH Bildu bozkatzeko?”. Hala, koalizioko buruzagia Alvarez de Toledo eta Abascali zuzendu zaie eta pronostikoa ere egin die: “Araban Vox eserlekurik gabe utziko dugu eta PPk Gasteizko Legebiltzarrean duen ordezkaritza minimoetara murriztuko dugu”.

Mikel Otero: “EH Bildu boto berde, ekologista eta jasangarri bakarra da”

Mikel Otero Arabako zerrendaburuak bi aste barruko hauteskundeetan “EH Bildu boto berde, ekologista eta jasangarri bakarra” izango dela ziurtatu du; beraz, “inora ez daramaten trenetan diru publikoa xahutzen saiatzen direnen eta jendearen bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan pentsatzen dugunon artean aukeratu behar da, lurraldea txikitzen dutenen eta defendatu nahi dugunon artean aukeratu behar da”.

Agurainen egonda, Oterok AHT proiektuak Arabako Lautada osoan izango duen eraginaz ohartarazi du, eta azaldu du EH Bilduk baduela alternatiba bat “lurraldea txikitu baina kohesionatzen ez duen tren horretarako: tren sozial bat, askoz merkeagoa litzatekeena eta eskualdean bizi direnei zerbitzua emango liekeena”.

Einar Oseguera: “LGTBI+ kolektiboekiko konpromiso irmoa”

Otegi eta Oterorekin batera Einar Oseguera Arabako zerrendakidea ere aritu da Agurainen. Sexu Askatasunerako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ mugimenduaren beharrak eta aldarrikapenak izan ditu hizpide. “Ez dugu EAJk instituzioetan martxan jarri duen eredu baztertzailea onartzen. Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik LGTBI+ pertsonen eta kolektiboen eskubideak modu eraginkorrean bermatu eta babes mekanismo sendoak finkatu ordez, merkantilizatzen gaituzte, eta bitartean, gizarteak gure kolektiboekiko duen ezjakintasuna eta etsaitasuna betikotu egiten dira”.