AKTUALITATEA


| 2024-05-29 17:19:00

Bihar osteguna, maiatzaren 30ko Zizur Nagusiko Udaleko Osoko Bilkuran, aldeko botoa emango diogu Udal Plan Orokorraren aldaketaren lehen fasearen ondoriozko dokumentuari, alegia, udalerriko hirigintza-arauketaren planteamendu globala eta estrategikoa barne hartzen duen Lurraldearen Okupazioaren Estrategia eta Eredua onartzeari.

“Lan arduratsua, serioa eta zorrotza egiten ari gara. Osoko Bilkuran emango dugun aldeko botoa gure taldeak Hirigintza Batzordean proposatu zituen hobekuntza proposamen ia guztiak kontuan hartu izanaren ondorio da”, adierazi du Goratz Azanza Medina Zizur Nagusiko EH Bilduko zinegotziak.


Horrela, alderdi subiranistak landutako proposamenak modu positibo eta zabalean hartu zituen kontuan Batzordeak, baita esku onez hartu ere proiektua idatzi zuen aditu-taldeak. EH Bilduk planteamenduaren idazketa hobetzea proposatu du, 6 ardatzetan oinarrituta:

1.    Berdeguneei aplikatutako estrategia hobetzea, Ardoiko berdegune falta zuzendu eta Zizurko hirigune osoaren perimetroa inguratzen duen, eta erabilera sozial zein ingurumen-garrantzi handia duen ibilbidea babestu asmoz.

2.    Alde Zaharrerako eta Santa Cruz auzoetarako estrategia bereizia lantzea. Bi eremuetarako ideiarik ez zegoenez, EH Bilduk gune horien eta gainerako auzoen arteko mugikortasuna hobetzea proposatu zuen, Alde Zaharretik igarotzen den Belaskoain etorbidea birgaitu eta bertako oinezkoentzako bide naturalak indartuz, baita Santa Cruzeko sarbide eta inguruneak hobetuz ere, bizitasun handiagoko eremu bat lortze aldera.

3.    Ardoirako proposamen sorta bat eskeini zuen, besteak beste, udalerriaren epe luzerako iraunkortasunerako enklabe estrategikoa den Ardoiko Poligonoaren garapenaren inguruko azterketa bat egitea, eta auzo honentzako Boulevard bat aurreikustea, etxebizitza, berdeguneak eta tokiko merkataritza jarduerak uztartuta, tokiko garapena eta bizilagunen arteko topaketa indartzeko eremu berri gisa.

4.    Auzoen arteko mugikortasuna eta Iruñearekiko lotura hobetzea. EH Bilduk autobiaren bidez bereizitako pasabide guztien oinezko eta bizikletazko mugikortasuna hobetu behar zela azpimarratu eta oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat eraikitzea proposatu zuen, Zizur– Iruñea loturari irtenbide segurua emateko.

5.    Etxebizitza-ereduari zegokionez, EH Bilduk babes publikoko etxebizitza ahalik eta gehien indartzea proposatu zuen, baita zuzkidura hobeak, berdeguneak, villavesako geltoki hurbilak, tokiko merkataritzarako aukerak eta gune ez-seguruak murrizteko ideiak plazaratu ere, ingurune atseginagoak eta herritarren presentzia handiagoaren eskutik, Ardoiko auzoaren gabeziak konpontzeko.

6.    Azkenik, EH Bilduk Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzea proposatu zuen, Iruñerriako eta
 
inguruko herri eta eskualdeetan erreferentziazko zentro gisa, bai eta Zizurren osasun-ekipamendu eta beharrei dagokienez azterlan bat egitea, baliabide profesionalaren faltari irtenbidea emateko.

“Gure proposamenei esker, ekologikoki eta sozialki jasangarriagoa den Plan Orokor bat izango dugu. Beste behin ere, zizurtarren beharrak lehenetsi ditugu, guztion bizitza hobetzen duten ideiekin eta auzo guztiak, Ardoi, Alde Zaharra eta Urbanizazioa, barne hartzen dituzten proposamenekin”, ondorioztatu du Azanzak.

Zizur Nagusia, 2024ko maiatzaren 29a