Zizurko EH Bilduk proposatu du bihar Osoko Bilkurak onartu beharreko 4.400.000 euroko inbertsioa Ardoin hezkuntza-gune berri bat eraikitzeko erabiltzea.
Zizur Nagusiko Udalak bihar egingo duen Osoko Bilkuran, Haur Eskolarako 4.400.000 euroko inbertsioa onartzearen alde bozkatuko du EH Bilduk; izan ere, kopuruak Ardoi auzoan ikastetxe berri bat eraikitzea ahalbidetuko du. Hori da, hain zuzen ere, indar subiranistak Gizarte Zerbitzuetako Batzordeetan egin duen proposamena, udalerrian gero eta plaza gehiago eskatu izan diren aldetik.
2023-2024 ikasturteko matrikulazioaren ondoren, 92 haur tokirik gabe geratu ziren Paquita Ansa udal haur-eskolan, horietatik 63 zizurtarrarrak. Egoera horren aurrean, taldeek bi proposamen izan dituzte eztabaidagai Gizarte Zerbitzuen Batzordean: Geroa Bairen udal gobernuak egungo azpiegitura 64 plazatan handitzea eta 152 plazako zentro bakarra sortzea proposatu du; EH Bilduk, aldiz, Ardoiko auzoan kokatuko litzatekeen haur eskola berria sortzea. Bigarren aukera honek 72 eta 88 plaza arteko hazkundea ekarriko luke, matrikula-kopuru handiagoa, hizkuntza-ereduen bereizketa eta Zizur Nagusiko egungo errealitatearekin bat datorren kokapen berria bermatzea.
“Argi dugu Ardoirentzat haur-eskola berri baten proposamena aukerarik onena dela”, dio Ander Loyola bozeramaileak. Ardoi bezalako auzo batean 0-3 urteko zentro berri bat sortzeak dakartzan aukerak azpimarratu ditu EH Bilduk: “Hazkuntzan dagoen auzo gazte gisa”, edozein udalerritan izaera sozial nabarmena duen zerbitzu nagusienetako batez gozatuko luke. Udal zerbitzuak deszentralizatzeaz gain, zeina lorpen handia izango litzateke auzoarentzat, eskola berri bat sortzea positiboagoa da bi zentroak kudeatzeko orduan: “Ez dago inolako aurrekaririk, Iruñerria osoan, 152 plaza dituen haur eskolei dagokienez. Udalaren maila teknikoak horrelako makrozentro batek kudeaketa aurrera eramatean biziko lituzkeen zailtasun eta arriskuak iragarri ditu. Guk, kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua egiten dugu gure txikientzat”.
Ardoiko auzoaren ordua iritsi da. Proiektu politiko integral bat dugu auzoari eskaintzeko, eta datozen hilabeteetan auzokideen eskutik lan egin nahi dugu
Gizarte Zerbitzuen Batzordean aurkeztutako proposamenak euskara-gaztelania hizkuntza-ereduen arabera bereiztea eta funtzio anitzeko azpiegitura bat eraikitzea jasotzen du. Horrela, etorkizunean udal-beharrak aldatuko balira, aukera emango litzateke udal-premia alternatiboei erantzuteko eta hezkuntzakoa ez den beste jarduera mota baten beharretara egokitzeko. “Inbertsio hazkunde erlatibo batekin emaitza askoz hobea lortzen dugu. Azken finean, dirua zertan gastatu nahi dugun erabakitzea da kontua, eta EH Bildutik argi daukagu gastu sozialaren aldeko apustua egiten dugula, Zizurko herrirako kalitatezko haur eskola baten alde. Lehentasun politikoen kontua da”.
"Ardoiko auzoaren ordua iritsi da. Proiektu politiko integral bat dugu auzoari eskaintzeko, eta datozen hilabeteetan auzokideen eskutik lan egin nahi dugu. Bada garaia Ardoik haur eskola bezalako zerbitzu nagusietako bat izan dezan. Hau hasiera baino ez da”, ondorioztatu du Loyolak.