AKTUALITATEA


| 2024-11-16 09:00:00

2025erako aurrekontuak Zizurko indar aurrerakoi guztiekin sinatzeko prest agertu da EH Bildu, 2024rako sinatutako akordioaren inguruan gaur egindako Jarraipen Batzordearen ondoren. “Naturalena iruditzen zaigu aurtengo aurrekontuak EH Bilduren proposamenetan ez ezik, PSNren eta AS Zizurren proposamenetan ere babestea”, adierazi du du Ander Loyola EH Bilduko Zizurko bozeramaileak.

Azken aurrekontu-akordioaren betetze-mailaren “balorazio kritikoa” egin du Zizur Nagusiko EH Bilduk. “Orokorrean balioan jartzen dugu betetakoa, baina akordioa burutzeko borondate politiko handiagoa falta izan dela uste dugu”, dio bozeramaileak. EH Bilduk neurri sozialen pakete handi bat proposatu bazuen ere, “udal gobernuak bere proiektu propioak lehenetsi dituela eta akordioa agendan behar bezala islatuta egon ez dela” argudiatu du, lortutako akordioak hobeto betetzea eragotziz. Lortutako akordioak hobe betetzeko “elkarrekin lan egiteko orduan borondate handiagoa ere faltan bota dugu”.

Hala ere, Loyolak berretsi du herritarrentzako ezkerreko politikak indartzea da eskuinekoetatik urruntzea dela udal taldearen helburua. “Horretan, PSNrekin eta AS Zizurrekin bat etortzea oso handia izaten ari da, bai Osoko Bilkuran bai Batzordeetan ere”.

Legegintzaldiko lehen aurrekontu-akordioa
Legealdi hasiera trabatu baten ostean, Zizurko ikasturte politikoaren lehen urtea Geroa Bairen bakarkako gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioa batekin bukatu zen. Alderdi soberanistak bi indarren arteko akordioetara itzultzea lehenetsi zuen, Udalak dituen “gehiengo aurrerakoi eta euskaltzaleak ahalik eta gehien probestu asmoz”, Geroa Baik 6 eta EH Bilduk 4 bozka dituen Udaletxean. Udal gobernuaren aliantzak UPNren eta PPren aldekoak zirela zirudien testuinguru batean, azken momentuan, UPNk (4) eta PPk (1) kontra bozkatu zuten, AS Zizurrek (1) alde eta PSNk (1) abstentzioa eman zuen.

Iazko udal kontuak onartzeko osoko bilkuran, Ander Loyolak, EH Bilduren Zizurreko bozeramaileak asmo adierazpen argia egin zuen, hiriburuan izandako zentsura mozioari erreferentzia eginez: “Iruñean gertatutakoak Nafarroa mailan aro berri bat irekitzen duela uste dugu. Erakunde guztietan dauden gehiengo aurrerakoiak zentzu bertsuko gobernu eta politika publikoetan gauzatzeko unea iritsi da. Geroa Bairen Zizurko udal gobernuak eskuinei bidea itxi diezaien bilatzen dugu, ez baitu zentzurik Nafarroarako eta Iruñerako balio duten gehiengoak Zizurrerako balio ez izateak”.