AKTUALITATEA


| 2020-04-03 16:47:00

COVID-19ak eragindako egoera dela eta Zeberioko EH Bilduren Udal Taldetik honako proposamenak helarazi nahi dizkiogu Zeberioko Udal Gobernuari:

- Mahai bat abian jartzea hartutako neurriak eta informazioa kontrastatzeko, proposamen berriak egiteko eta martxan jarri beharreko neurriak eztabaidatzeko balio behar duena. Bertan, ordezkari politikoez gain, egongo lirateke, eragin zuzena duten udal arloetako arduradunak, hau da, Gizarte ekintza, berdintasuna zein herriko medikua, baita egoera honetan interes berezia izan dezaketen elkarteak ere.

- Nagusien artapena eta jarraipena egitea bermatu behar dugu. Nagusiekin edo etxetik atera ezin eta inguruan oinarrizko beharrak nork asetu ez duenarekin harreman zuzena izan.

- Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren jarraipena: azaroan eskatuta dagoen arren, oraindik ez dugu informazio nahikorik atal honetan. Jakin nahi dugu, beraz, zenbat erabiltzaile dauden, zenbat langile dauden, zein lan baldintzetan eta segurtasun neurrirekin egiten duten lan, langileen kontratuetan izan diren aldaketak, etabar.

- Beharrezkoa da herriko egoitzetan behar beste langile lanean dabiltzala eta segurtasun neurriak dituztela ziurtatzea.

- Osasun eta zaintza arloko langileek egoera biziki larria eta konprometitua bizi dute Zeberion, eta batzuek nahiago lukete berea ez den etxe batean lo egin, beraien eta hurkoen atsedena eta osasuna bermatze aldera. Arlo horretan udalarentzako lan egiten duten langileei aukera hau eman behar diegu, besteak beste, udal egoitzetan lanean ari direnei eta etxez etxeko langileei, kontratazio bidezko zerbitzua izan arren. Horretarako udalak dituen erabilpen gabeko etxebizitzak aukera egokia da, esaterako, apartamentu turistikoak edota herrian egon daitezkeen ostatuak.

- Zeberioko Boluntarioen taldeari zabalpen egokia ematea, beharra duten pertsonei jakinaraziz.

- Indarkeria matxista iraganean bizi izan duten edo gaur egun bizi duten emakumeei babesguneak eskaintzea. Ezinbestekoa da indarkeria matxista sufritutakoei arreta eta informazio zerbitzuak mantentzea eta indartzea. Biolentzia hori jasan duen emakumeak ez du erasotzailearekin bizitzen segitu behar.

- Sistemaren kolapsoak hala eskatuz gero, udal esparruak egokitzea, laguntza sanitario azpiegitura moduan.

- Kaleak eta eraikinak desinfektatzeko, egoerak hala eskatuta, suhiltzaile edo herritar boluntarioekin kontatzea.

Arlo zaurgarri eta ahulei laguntzea. Pertsonok ez dugu krisi hau ordaindu behar:

- Salbuespen egoera honetan ondorio larriak pairatzen ari diren ostalaritzari eta komertzioei tasa eta zergak atzeratzea, krisiak dirauen bitartean. Halaber, titulartasun publikoa duten lokalei, itxita egon diren garaia, ez zaie alokairua kobratuko.

- Era berean, salbuespen egoera honek irauten duen bitartean, Zeberioko herritarrei tasa eta zergak atzeratzea (zirkulazio-zerga, zaborra, ...). Horren ondorioz, babes soziala bermatzeko beharrezkoa baldin bada, aurrekontuetako partidak birformulatzea.

- Ohiko etxebizitzaren hipotekaren ordainketa atzeratzeko eskatzen diren tramiteak udalak ahalik eta lasterren eta on-line egitea, errolda agiria, esaterako.

- Beste diru sarrerarik ez duten edo langabezia kobratzen ez duten herritarrentzako laguntza abiatzea edo, esaterako, herrian bertan janaria edo botikak erosi ahal izateko bonoak banatzea. Baita, egun, AES laguntza jasotzen dabiltzanei ematen segitzea (salbuespen egoera honek irauten duen bitartean) eta eskatzaile berriei tramiteak ahalik eta gehien bizkortzea. Paperak gabeko pertsonei ere bai.

- Udal-langileen soldatak bermatzea eskatzen dugu.

- Azpikontratatutako zerbitzuak ez eteten saiatzea eta, edonola ere, zerbitzu hauek burutzen dituzten langileek ondoriorik ez izatea, ez kontratuan ezta soldatan ere.

Zeberion, 2020ko apirilaren 3an

Zeberioko EH Bildu