Urtarrilaren 27ko udalbatzan, Zeberioko EH Bildu taldeak ondorengo mozioa aurkeztu zuen. Agintean dagoen EAJ/PNVk kontra bozkatu zuen, betiko zentzugabekeria erabilita: ez delako udalaren konpententzia. Herri honetako emakumeok eta umeak ez al gara haien ardurakoak? Onartezina!
Mozioaren zergatia
2022ko aurrekontuetan 600.000 euroko diru lerroa jasoa dago Usansolo ospitalearen eraberritzerako. Zehazki, ospitaleak beharrezkoa duen espazioa areagotzeko kanpo kontsultetarako eta beste zerbitzuetarako, besteak beste, EHUko medikuntzako ikasleen formakuntzarako, administrazio zerbitzuetarako eta liburutegirako, komunikabideetan iragarri den bezala.
Halaber, kontutan izanda Barrualde-Galdakaoko ESI-ak artatzen duen biztanleriaren kopurua 313.000-koa dela, espazioak areagotzeaz gain, ezinbestekoa da zerbitzuen dotazioa osatzea eta eguneratzea biztanleriaren premietara. Gogoratu behar da Usansoloko ospitalea ez dela eskualde mailako ospitalea, baizik eta ospitale unibertsitarioa dela, eta eskualde mailako ospitaleetan dauden oinarrizko zenbait zerbitzu ez dituela jasotzen, besteak beste arrisku baxuko erditzeak eta pediatria. Ondorioz, Barrualde-Galdakaok artatzen dituen eskualdeetako emakumeek beste ospitale batzuetara jo behar izaten dute, gehienetan Gurutzeta eta Basurtora, non bainuontzirik ez dagoen eta zeintzuetan arrisku altu eta baxuko erditzeak ez direnez bereizten, arrisku baxukoak baldintzatuak egoten diren. Pediatria ez egoteak ere arazo larriak ez izan arren desplazamendu handiak egitera behartzen ditu familiak. Zentzu horretan, komenigarria ikusten dugu Osakidetzak Barrualde-Galdakaoko ESI-ko zuzendaritzarekin aztertzea, eta eman beharreko urratsak egitea, Galdakao-Usansoloko ospitalean pediatria zerbitzua eta arrisku baxuko erditzeen arreta zerbitzua ezartzeko.
Hori dela eta, MOZIO hau aurkezten dugu:
Zeberioko Udalak Osasun Sailari eskatzen dio, Usansolon burutu behar duen eraberritzearekin batera, azterketa bat egin dezala, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzarekin, Usansoloko ospitalean pediatria zerbitzua eta arrisku baxuko erditzeen arreta zerbitzua ezartzeko, eta ondorioz, horretarako egin beharreko urratsak eta prozesua abia dezala hiru hilabeteko epean.