AKTUALITATEA


| 2023-03-04 10:04:00

Zeberioko EH Bildu taldeak onartu egin du udalaren adierazpen proposamena (Eudel) otsailaren 24ko ezohiko udal osoko bilkuran. Hala egin dugu, uste dugulako halako egunetan batasuna adieraztea oso garrantzitsua dela. Gure ustez, ordea, martxoaren 8 honetan zaintza lanak izan behar ziren abiapuntua: ezinbestekoak dira, eta ezin dira ikusezin geratu, eta merkantilizaturik jarraitu.

Denon bizitza erdigunean jarriko duen eraldaketa sozial baten bidean aurrera egitearen aldekoa da Zeberioko EH Bildu, eta bat egiten du horretan Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin. Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz handik eta hemendik. Eta gogor salatu nahi ditugu zaintzarekin negozioa egin, eta eskubidea merkantzia bilakatzen duten politikak eta enpresa kapitalistak.

Egoitzetako zein etxez-etxeko langileak, gehienak emakumeak, lan baldintza duinen aldeko borrokari heldu beharrean izaten dira, haien egoera hobetzen saiatzeko. Izan ere, instituzioen partetik ez da egin, ezta pandemia ostean ere, inolako urratsik egoera hori arautzeko eta duintzeko. Gizarte-zerbitzuetan ez dago plaza publikoen garapen nahikorik, eta zaintza-premien aurrean arreta publikoa murriztu egiten da. Ondorioz, familiek zerbitzu pribatuetara jo behar izaten dute eta aukera duten familiek, soilik, zerbitzu pribatuetara jo behar izan dute, baina ahalmen ekonomiko nahikoa dutenek bakarrik, jakina.

Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak direla uste dugu, esparru eta maila guztietan, eta ezinbestekoa da, eremu hau ere horretara aktibatu eta soluzio berriak mahai-gaineratzen hastea.