Gueñesetik Itxasora doan autopista elektrikoak 26 udalerriri eragiten dio eta 132 goi-tentsio dorrek osatzen dute. Zeberioko udalerrian hiru dorre daude eta Ugaon bat. Proiektua onura publikokoa izendatu zen.
Larria izan zen Ingurune Naturaleko Foru Diputatuaren 422/2020 (2020ko urtarrila) Foru Aginduz, basoko espezieak babesteari buruzkoa, proiektu honi obra baimenik eman ez izana, eta hala ere, Red Eléctrica Españolak lanei ekitea. Mehatxatutako espeziea sai zuria da. Belatza ere, besteren artean ziurrena.
Bere momentuan Euskal Herria Bilduk Senatuko kontrol saioan Ministroari azalpenak eskatu zizkion. Horrela egin genuen udal tokiko zinegotziok ere: Ugaoko EH Bilduko eta Zeberioko EH Bilduko zinegotziok dagokien Udalean salatu genuen, legez kanpokoak baziren ere, obretan ari zirela gure herrietako mendietan. “Antza” ez zuten horren berri, ez batak ez besteak... Zeberiokoak deitu omen zuen Foru Aldundira azkenean, eta omen diogu gero galdetu izan zaiolako Foru teknikariek egindakoengatik eta erantzunik ez dagoelako. Hau guztia baino lehenago ere, gurean, mutis, “despistatzera” jolasean, baina... Zeberioko hiru dorreetako bat udalarenak diren lurretan dago!
Ordea, inguruko beste zenbait herriek bestelako jarrera azaldu zuten. Adibidez, Arrankudiaga-Zolloko Udalak obrak gelditu zituen. Mallabian etetea eskatu zen pertsonengan eta naturan obrak izan zezakeen eraginagatik. Eta Igorreko Udalak jarritako errekurtsoa Auzitegi Gorenak onartu egin du.
Herri mugimenduek inoiz halako proiektuak gelditu izan dituzte, guk ordea ez dugu ezta aukerarik izan ere. Isil-isilik eta gure gertuko instituzioek informatu gabe egin da hau guztia. Red Eléctrica Españolak aurrera erraz egin du PNV-EAJren alfonbra gorriari esker.
Tamalez, inposizioarena ez da arrotza Euskal Herriarentzat eta orain gogora ekartzen digu “Tapia Legea”: Proyectos de Interés Público Superior deritzotenak inposatu ahalko dizkie Eusko Jaurlaritzak Udaletxeei, haien hitzaren kontra bada ere.
Autopista elektrikoa salatzeko, Ugaoko, Basauriko, Arrankudiaga-Zolloko eta Zeberioko lagunak batu ginen joan den maiatzaren 14an. Goi Tentsioari Ez Plataformak salatu zuen bezala, halako proiektuen beharrik ez dagoelako, eta inportanteena dena, gure osasunean eragina izan dezaketelako eta ingurumenean kalteak sortzen dituelako. Ekosistemaren garapen demokratikoa behar dugu, benetako beharretara egokitzen dena eta ingurumena errespetatzen duena. Horregatik bildu ginen Artandako dorrearen aurrean. Ama-Lurra defenda dezagun!