AKTUALITATEA


| 2021-10-28 11:47:00

Aurten ere, iritsi zaigu herriko aurrekontuak lantzeko unea eta Euskal Herria Bildutik orain arteko norabide berdinean jarraitzen dugu lanean: Usurbil bizigarri, osasuntsu eta justuago bat eraikitzen. Orain dela aste batzuk, lehen pausoak eman genituen, 2022 urterako Ordenantza Fiskalak onartuta. Herritar zaurgarrienengan (pentsiodunak, gazteak, etorkinak...) jarri genuen begirada beste behin, eta inoiz ez bezalako apustua egin genuen, hobariak jasotzeko aukera nabarmen zabalduaz. Gainera, orain arte horretarako aukerarik ez zuten hainbat zerbitzuetan (haur eskola, Udajolas...), hobariak jasotzeko bidea ere zabaldu dugu. Hori guztia aberastasunaren birbanaketa printzipioak kontuan hartuz, hau da, gehiago duenak gehiago jarriaz.

Herritarrentzako onura garbia beraz, eta beste aurrerapauso bat jendarte justu eta inklusiboagoa lortzeko bidean. Usurbilgo Udalean parte hartzen duten beste bi alderdiek, hartutako erabakiaren dimentsioa kontuan izanda, neurria begi onez ikusi eta babestuko zutenaren esperantza genuen. Zoritxarrez, ez EAJ-k ez PSE-k  ez zuten gure egitasmoa babestu.

Udalbatzako gehiengoa izanagatik ere, herriak eta herritarrek bestelako mezu batzuk merezi dituztela iruditzen zaigu. Pandemiak ekarrita bizitako ziurgabetasun eta aurrekaririk gabeko egoerari gure herriak elkartasunetik modu eredugarrian erantzuten jakin duen heinean, elkarlana, akordioak eta ziurtasuna merezi ditugu usurbildarrok. Aitortu behar dugu batzuetan etsigarriak direla oposizioaren aldetik jasotzen ditugun erantzunak, baina aurrez esandako moduan, gure herrikideek, bestelako mezu batzuk merezi dituzte, eta horregatik, akordioak lortzeko saiakerarekin aurrera egingo dugu.

Euskal Herria, eta baita Usurbil ere, garai berri baten lekuko dira. 10 urte dira ETA-k bere jarduna eten zuela eta ezagutu berri dugun Aieteko adierazpena beste pauso garrantzitsu bat izan da. Egoera berri honek euskal politikagintzako egunerokotasunean bere isla izan beharko lukeela iruditzen zaigu, eta zorionez, apurka-apurka bada ere, lehen pentsaezinak ziren akordioak ikusten dira.

Horixe da guri gustatuko litzaigukeena. 2022ko Udal Aurrekontuen lanketan murgilduta gauden honetan, usurbildarrei alderdi ezberdinen arteko akordio bat iragartzeko gai izatea. Oraindik, paper zurien gainean lanean ari garen honetan ekarpenak/ideiak/proposamenak jaso eta partekatzeko prest gaude. Halaxe adierazi genien pasa den astean EAJ eta PSEri, haiekin izandako bileretan.

Herri ikuspegiz aritzeko konpromisoa dugu, eta akordioak bi norabidetan landu nahi ditugu: batetik, Usurbilgo udalbatza osatzen duten alderdien artean; eta, bestetik, herritar eta herriko eragileekin. Hori lortzeko, bilera sorta egingo du udal-gobernuak hurrengo asteetan, herri adostasun horiek josi ahal izateko. Aurreko urteetan egin bezala, auzoz auzo bilerak egingo ditugu azaroan zehar. Aurrekontuek badituzte mugak. Ezin guztiari tokia egin. Baina, gure legealdiko plana iparrorratz eta auzotarrekin eraikitzen ari garen elkarlana oinarri, horren zerbitzura atonduko ditugu 2022ko aurrekontuak.

 

--

Usurbilgo Euskal Herria Bildu