AKTUALITATEA


| 2025-08-05 11:34:00

Usurbilgo EAJk uztaileko osoko bilkuran aurkeztutako mozioa dela eta, Usurbilgo EH Bilduk dokumentuaren edukia eta EAJren jarrera salatu nahi ditu.

 

Osoko bilkuran esan bezala, zur eta lur gelditu ginen mozioaren berri izan genuenean: udal-gobernuari egiten zaizkion akusazioak erabat faltsuak dira, eta guztiz onartezinak. Hainbat gai nahasten dira testuan, gure ustez, propio. Toki-korporazioetako kideek, oposiziokoek barne, eskubidea dute alkatearengandik, lehendakariarengandik edo tokiko gobernu batzarretik korporazioko zerbitzuen esku dauden eta beren kargua betetzeko beharrezkoak diren aurrekari, datu eta informazio guztia lortzeko. Udal-gobernuak baieztatzen duenez, Usurbilgo EAJko zinegotziek oso kasu bakanetan eskatu dute informaziorik, eta alkateari eskatu diotenetan, beti eman izan zaie informazio zein argibideak. Horrekin batera, udal-gobernua behartuta dago bere jarduerari buruzko xehetasunak ahalik eta modu zabalenean ematera baita herritar guztien tokiko bizitzan parte har dezaten bultzatzea ere.

Gobernu-organoak kontrolatzen eta fiskalizatzen ditu osoko bilkurak, presentzia eta informazioa eskatu, gobernu-batzarraren jardunari buruzko eztabaiden eta zentsura-mozioen bidez, udal-erregelamendu organikoak ezar ditzakeen beste bitarteko batzuen artean. Informazio batzordeek landu beharreko gaiak ezagutu eta horien inguruko gogoeta egitea erraztu behar dute, eta udal-talde guztiek dute horietan parte hartzeko eskubidea. Beraz, oposizioak osoko bilkura eta batzorde guztietan du udal-gobernuaren lana fiskalizatu eta ekarpenak egiteko aukera; behin eta berriz esan izan du udal-gobernuaren bulegoetako ateak irekita daudela, edozein proposamen, galdera eta abar egiteko. Osoko bilkura bakoitzean ere ematen da galderak eta eskaerak egiteko aukera; inoiz ez da halakorik izan, ez galderarik ez informazio eskaririk, edo egun oso bakanetan.

Legealdia hasi denetik, bi urteotan, 27 osoko bilkura, gutxi gorabehera 25na batzorde informatzaile (antolaketa, herritarrak eta lurraldea), eta ehundik gora berri emate izan dira. Datuok eskutan, ondoriozta dezakegu udal-gobernua gardentasun osoz ari dela, une oro ematen duela proiektuen berri, eta une oro ematen duela proiektuetan ekarpenak egiteko aukera. Beraz, oposizioarekin harreman instituzionalik eza kudeaketaren kontu emateko mekanismo eraginkorrik ez izatea dioten baieztapenak gezur hutsa dira. 2024 hasieratik, gainera, kudeaketa txostenak osatzen dituzte departamentu buruek, hilero: hobetzeko tartea beti dago, noski. Dena den, datuok berresten dute gezur hutsa dela oposizioarekin harreman instituzionalik ez dagoenik eta kudeaketaren kontu emateko mekanismo eraginkorrik ez dagoenik.

Udal barruan martxan dauden lantalde ugariez gain (herritarrak, antolaketa, lurraldea, udala gertu, etxebizitza lantaldea, errolda mahaia...), udaletxeko hormez harago ere hamaika lan mahai ditu udal-gobernuak: Emakumeon Etxeko talde sustatzailea, Aniztasun Kontseilua, Arrobitxulo eraikitzeko egindako parte-hartze prozesua, Santixabeletako jai batzordea, auzoetako jai-batzordeekin osatutako mahaia, kirol klubekin harreman etengabea, Hezkuntza Mahaia, auzo elkarteekin egiten diren koordinazio mahaiak, Sagardo Mahaia eta abar. Parte-hartzea gure DNA-n txertatuta dagoen gobernantza eredu bat da, eta lan-mahai horiek guztiak irekiak dira. Oposizioari ez zaio inoiz ukatu haietan parte hartzea, baina eskaerarik edo nahirik ere ez dugu jaso.

Udal-gobernuak beti gonbidatu du oposizioa izaera ezberdineko ekitaldietara: misioen araberako gobernantza ereduaren aurkezpena, trantsizio ekosozialeko kosorkuntza prozesura edo legegintzaldiko plana zehazteko lan saioetara, esaterako. Orain, misioen araberako gobernantza eredua eraikitzen ari da: hamaika lan saio egin dira orain arte, eta aurrera jarraitzen du prozesuak. Lizitazioaren ostean, indar eta erritmo handiagoa hartuko du.

Gobernu onaren, gardentasunaren eta informaziorako eskubidearen alde du izenburua EAJren mozioak. Gu horren alde gaude, eta horren erakusgarri da gure eguneroko lana. Testuan egiten diren akusazioak, ordea, ez datoz bat errealitatearekin, eta zalantza daukagu zein helbururekin aurkeztu ote duten: krispazioa sortzea ote? Usurbilentzat eta usurbildarrentzat duten proiektu eza ezkutatzea? Udal-gobernu honen izen ona zikintzea?

Agerikoa da beti dagoela hobetzeko tartea, eta ahoan bilorik gabe esaten dugu, gainera.

Zintzotasun ariketa bat egin eta mozioa erretiratzeko eskatu zion udal-gobernuak EAJri. Horren ordez, mozioaren edukia ez ulertu izana leporatu zion, baita herriko astekari Noaua interes alderdikoiekin erabili izana ere, jakin badakigunean EAJ dela Noauaren atea jotzen lehena, osoko bilkurak egin aurreko egunetan, herritarren begietara lana egin izanaren itxura emateko.

Usurbilgo Udalaren txio bati erantzunez, gaia herritik atera du EAJk. Gipuzkoako EAJko buruek Udalaren sare sozialen erabilera alderdikoia salatu dute, osoko bilkuran landutako gai baten berri ematea, iraintzea, difamatzea eta gezurra esatea izango balitz bezala. 

Argi daukagu ere, mozio hau 2027ko hauteskundeetarako estrategiaren parte dela. EAJk ez du ia ekarpenik egiten udal barruan, baina udaletik kanpoko erakusleihoa gustuko dutela dirudi. Herria egitea ez da gezurrak hedatu eta zarata sortzea, hori estrategia politiko alderdikoi eta zikina besterik ez da. Herria egitea, behar denean egotea da, lan egitea, entzutea, proposamenak lantzea, gauzatzea, negoziatzea, aurrera begirako ikuspegia izan zein eguneroko kudeaketan murgildu, eta aurpegia ematea, momentu onetan, zein txarretan, betiere zintzotasunez jokatuz.