Urretxun lan eta bizitzeko aukerak biderkatu behar ditugu, azken urte luzeotako joerek erakusten baitigute herritarren %80ak baino gehiago Urretxutik kanpo lan egiten dutela. Urretxuko langabezi-tasa Gipuzkoakoa baino handiagoa da (%8,5a, %7,7aren aldean), eta aberastasunaren sortzaile eta birbanatzailea izan den industriak gero eta pisu txikiagoa du gurean (Urretxuko BPGaren %25,5a suposatzen du, zerbitzuek %60,5a osatzen duten bitartean).
Edozein kasutan, eskualdeko garapen agentzia, Uggasa, indartzea ezinbestekoa da, Onbideratu bezalako proiektuei bitarteko gehiago bai udalen aldetik bai Gipuzkoako Aldundiaren aldetik ere, Urretxuk eta Urola Garaiak aurrean dituzten erronkei aurre egiteko, bai enpleguan, lan munduan txertatzeko programetan, industria berdea gurean sustatzeko ekimenetan, ekonomia sozial eta eraldatzailean eta turismoan.
Ikerketan, garapenean eta berrikuntzan salto kualitatibo bat eman beharra dugu, Europako eskualde aurreratuenen pare jarri eta kalitatezko enplegua sortzeko helburuarekin behar da, herrian bertan zein eskualdean. Urretxu 1991az geroztik dago senidetuta Bavierako Schwarzenbruck udalerriarekin eta lander horrek ditu Europa mailako daturik onenak I+G+b alorrean (BPGaren %3,2a inbertitzen du alor horretan, Gipuzkoak soilik %2,4a inbertitzen duen bitartean). Harreman horri zuku gehiago atera behar diogu, baita alor sozioekonomikoan ere.