Azten urtean, ohikoa bihurtu da Iker Santocildes alkatearen eta EAJ-PNVko gainerako zinegotzien izenak eta irudiak lehen planoan ikustea, nabarmenduta, Urduñako Udaleko komunikabide eta sare sozial ofizialetan, bai eta guztion diruarekin ekoitzitako bideoetan ere.
Udal-webgunean esaterako (urduna.com), 2023ko ekainetik hona argitaratu diren albisteetan, EHBilduko zinegotzion izenak ez dira behin ere aipatzen. Are gehiago, zenbait kasutan, gure izenak kendu egiten dituzte parte-hartzaile eta bertaratutakoen artetik. Ekitaldi ofizialetako argazki eta irudiekin ere modu berean jokatzen dute: gure presentzia ezabatu ahal badute, hobeto.
Gainera, kontuan hartu behar da iragarritako proiektuetako asko EHBilduren ekimenez abiatu zirela aurreko hiru legegintzaldietan, eta parte hartze aktiboa izan dugula eta badugula proiektuon jarraipenean (besteak beste, HAPO, memoria historikoa, Harresi Barrua Parkea, Belardi zentroa, Orduña Hiria Museoa, El Bus de la Vida filmaren grabaketaren hasiera, edota Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren alde egindako lana).
Sare sozial ofizialak, bestalde, EAJ-PNVri propaganda zuzena egiteko erabiltzen dituzte. Azken adibidea atzo bertakoa da, eskualdeko komunikabide batek alkateari egindako elkarrizketarako esteka igo baitzuten Udaleko kanaletara. EHBilduk idatzitako artikulua, ordea, ez dute partekatu, eta gu ere bagara Udala. Diru publikoa euren interesen alde erabiltzen ari dira.
Hauek adibide batzuk baino ez dira, EAJ-PNV udal-gobernuan dagoenetik etengabe ari baita alderdikeriaz jokatzen eta gu ikusezin bihurtu nahian.