AKTUALITATEA


| 2025-07-28 20:14:00

EH Bilduren proposamenak — ONARTUAK:

 

  1. Ruzabal: Mendeika, Belandia, Lendoñogoiti eta Lendoñobeitirako aurrekontu handiagoa bideratzea (+ 5.000€).
  2. Esku-hartze artistikoa arkupeetan: falta den zatian muralak ipintzea; hau da, Artekale eta Harategi kaleen artean (43.000 €).
  3. Juan de Garay auzoa: Juan de Garay plaza urbanizatzeko proiektua idaztea (18.000 €). EH Bilduk proposatuta iaz erosi zen lursaila atontzea. Lursail hori auzoaren iparraldean dago. 
  4. Tras Santiagoko aparkalekua: zoladura konpontzea, bi urte hauetan higatu egin da-eta.
  5. Zakarrontziak: azken urteotan urbanizatu diren hainbat gunetan paperontziak jartzea.
  6. La Florida: oinezkoentzako bidea egitea La Florida auzotik Gama errepidera; gaur egun bizilagunek finka pribatu batetik igaro behar dute, pasabide egokiturik gabe.
  7. Memoria historikoa: partida handitzea, hilerri-kolunbarioko lanekin jarraitzeko (+ 2.000 €).
  8. Babio Elkartea - Zaraobeko IGE: elkartearentzako laguntza handitzea; izan ere, Urduñako guraso asko dira elkarte horren parte (2.000 €).
  9. Berdintasuna: prestakuntza bat antolatzea, jaietan eraso matxistaren bat gertatuz gero jarraitu beharreko protokoloari buruz.
  10. Hamaika Kale elkartea: museorako laguntza handitzea, urte osoan egiten duen kultur-jarduera handia kontuan hartuta (19.900 €).

 

EH Bilduren proposamenak — EZ ONARTUAK:

 

  1. Merkataritzarako aholkularitza eta dirulaguntzak: merkataritza nahiko ahaztuta dago Urduñan. 150.000 €-ko gastua dago turismorako, eta 15.000 € bakarrik merkataritzarako. Kontuan hartuta 12.000 € bonoetarako erabiltzen direla, kopurua oso desorekatuta dago.
  2. Saltoki bakoitzari aholkularitza pertsonalizatua ematea proposatu genuen, eta, ondoren, dirulaguntzak banatzea, aholkularitza-prozesuan planteatutako hobekuntzak txertatzeko. 
  3. FP eraikina birgaitzea: lehenbailehen eraberritu behar da; elkarte askok dihardute bertan, eta ez dago egoera onean. Aurtengo neguan berogailurik gabe egon dira zenbait hilabetez, fatxada-zatiak jausi egiten dira, leihoak apurtuta daude, instalazio elektrikoa oso zaharra da, etab. Beharrezko mantentze-lanak egitea eta eraikina birgaitzeko azterketa bat kontratatzea proposatu genuen.
  4. Etxebizitza: aurreko legealdian hasi ginen gai hau lantzen, baina EAJk baztertuta dauka. Etxebizitzen egoera ez da hobetu, eta gero eta larriagoa da. 
  5. Etxebizitza hutsen azterketa bat egitea proposatu genuen. Izan ere, aldez aurretik guk egindako azterketaren arabera, Urduñan 600 etxebizitza huts baino gehiago daude, eta egoera hau hobetu egin beharko litzateke. 
  6. Foru plazan lokal bat erostea: Udalaren bulegoak handitzeko, eta, hala, zerbitzu publikoak kalitate eta irisgarritasun baldintza onetan eskaini ahal izateko.
  7. Erabilera publikoko lokal bat erostea proposatu genuen, eta lokal hori udaletxetik ahalik eta hurbilen egotea.
  8. Etxez etxeko janari zerbitzua: garrantzitsua da gizarte-zerbitzuetan izena emanda dauden pertsonen elikadura bermatzea; hau da, janari duin, osasungarri eta egokia izatea.
  9. Zerbitzu hau sortzeko azterketa bat egitea proposatzen dugu. 


Gobernu-taldearen gainean egongo gara adostutako neurri guztiak burutzen direla bermatzeko. Eta onartu ez diguten neurriak proposatzen jarraituko dugu, uneren batean, onar ditzaten.

Ondorioak


Zer iruditzen zaizkigu aurrekontu hauek?


Aurrekoaren jarraipena: proiektu batzuk aurreko legealdian hasi genituen, hala nola M.ª Dolores Madaria eta Landata auzoak birgaitzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idaztea, Memoria Historikoa, etab. 
Inbertsio-gaitasun txikia: aurten Udalak 244.000 € SOILIK bideratu ditu inbertsioetara. Adinekoen egoitzan 4.000 € SOILIK inbertitzea aurreikusten da. Guztiok dakigu zer-nolako beharrak dituen gure adinekoei zerbitzua ematen dien eraikinak. 
Ahaztutako sektore nagusiak: trantsizio klimatikoan ezer ez, etxebizitzan ezer ez, gazterian eskas (7.000 € autobusetan, hori balitz bezala gure gazteriari egin ahal diogun ekarpenik onena).

Beharrezkoak edo funtsezkoak ez diren gastu asko:


225.000 €-ko kreditua (gutxi gorabehera) Gernika plazako lokala erosi eta egokitzeko, emango zaion erabilera guztiz argi izan gabe. Lokal hau Kutxabankena da, eta hura erosteko kreditua, ziurrenik, Kutxabanken eskatuko dute. Hortaz, bankuarentzako eragiketa ezin hobea izango da. 
105.000 € kanpoko aholkulari, abokatu eta abarrentzat. Ez dago argi zertarako den gastu hau. Udal-teknikariak baditugu, zergatik hartu behar dugu gastu estra hau?
47.000 € Itzuliaren irteera baterako. Ez gaude ados ia 50.000 € bi ordutan gastatzearekin, kontuan hartuta udalerri honek badituela oraindik ase gabeko oinarrizko beharrak. Gainera, gerora ikusita, jakin nahiko genuke zein izan den jarduera honek bueltan ekarri diguna, telebistan oso gutxi atera baikinen egun hartan.
20.000 € (gutxi gorabehera) Juan de Garayren omenezko monumentu baterako. Ez gaude batere ados gastu honekin; guztiz alferrikakoa da. Gainera, bere praktika txarrengatik oso polemikoa den figura bat omentzen du.

Begien aurrean dugun EAJ, beraz, duela urte batzuetako bera da; alegia, dirua xahutzen duen alderdia, itxurakeria eta zurikeria nahiago dituena, urduñarron bizitzak hobetzea baino.