Hainbat bilera egin ondoren Coplasva enpresako kudeatzaileek Urduñako udal agintariei jakinarazi diete ez dutela enpresaren pabilioi berria hirian jarriko. Urduñako EH Bildutik erabakia deitoratzen dugu.
Mahukak eta hodiak banatzen dituen enpresaren iritsieraren iragarkia hauteskunde kanpaina betean eman zen, EAJ oposizioko alderdiak, bere gestioei esker enpresa batek Urduñako Industrialdean pabiloi bat eraikitzea lortu zuela iragarri zuenean.
Albistea efektu kolpea izan zen, alderdi jeltzaleak ez zuen aukera alferrik galdu eta pabilioi berria eraikiko zen orubearen aurrean bere hautagaien argazkiak argitaratu zituen, hori gutxi balitz Urduñako EAJk alderdiaren facebook orrian lanpostu berriak betetzeko lan eskaintzak iragartzera ere heldu zen. Urduñan EAJren udal kanpainaren ardatza izan zen albistea.
Hauteskundeen ostean, alkatetza berretsi zuen EH Bilduk. Hortik aurrera, udaleko gobernu talde berria osatu ondoren, udal arduradunak enpresako kudeatzaileekin harremanetan egon dira. Hasiera batean, Coplasvak lursaila bazuela eta proiektua egina zegoela azpimarratu zuen, hori bai, hirian ordaindu behar zituzten tasak eta zergak zirela eta kexa adierazi zuten.
Udalak azken hilabeteotan ordenantzak eguneratu ditu, bidezkoa iruditu zitzaiolako udalerrian jarduera ekonomikoa zein merkataritza sustatzeko eta lan postuak sortzeko erraztasun gehiago ematea. Denbora horretan, enpresarekin harremanetan izan da udalerrian ezartzen laguntzeko.
Azkenik, Coplasvako arduradunek jakinarazi dute ez direla Urduñan instalatuko, Amurrion geratuko dira. EAJko buruek beren gestioen ondorioz Coplasva ekarri zutela iragarri zutenean enpresaren etorrera hauteskunde kanpainako arma gisa erabili zuten, EH Bilduren aurkako tresna gisa erabili zuten enpresaren etorrera, diskrezioz jokatu ordez erabaki gabe zegoena lau haizetara zabalduz.