AKTUALITATEA


| 2026-05-31 13:33:00

Tenperatura altuko egunak geroz eta lehenago datoz. Azken urteotan, maiatzaren amaiera aldera, ohiko bihurtu dira udako egun beroak; horregatik, beroari aurre egiteko aproposak diren aisialdi-guneak behar dituzte familia, gazte eta haur askok. Gainera, ekainean jada ez dago eskolarik arratsaldez; beraz, horrelako guneak are beharrezkoagoak dira. 

Hori dela eta , joan den apirilean , eskaera formal bat aurkeztu genuen udalean , udal igerilekuen irekiera maiatzaren azken asteburura aurreratzeko, eta, horrekin batera, zerbitzua egungo errealitate klimatikora egokitzeko eta herritarren beharrei hobeto erantzuteko.

hala ere, hilabete beranduago, hau izan da gobernu taldearen erantzuna: "jada berandu da" irekiera data aurreratzeko. Ez gaude ados emandako erantzunarekin, eta, uste dugu, proposamena egin zenean beharrezko neurriak hartu izan balira, posible litzatekeela lehenago irekitzea. 

Horrez gain, EH Bilduko udalkideok proposamen gehiago egin ditugu igerilekuen funtzionamendua hobea izan dadin udan zehar, bereziki ekainean eta uztaileko lehen hamabostaldian:

  1. Txango antolatuen kopurua mugatzea jende gehien dagoen egunetan. 
  2. Eguneko sarreren prezioa berrikustea, jende pilaketak kontrolatzen laguntzeko.
  3. Jarraipen-batzorde bat sortzea udal teknikariekin, enpresa kudeatzailearekin eta ordezkari politikoekin, instalazioen funtzionamendu egokia eta uraren kalitatea bermatzeko.

Zentzuzko neurriak dira, inbertsio handirik eta egiturazko aldaketarik eskazten ez dutenak. Borondate politikoa eta egokitzeko gaitasuna behar dira, besterik ez.