Bizkaiko Foru Aldundiak motu propio eta udalei galdetu gabe erabaki du udalerrientzat jada konprometituta zegoen diru kopuru bat atxikitzea. 26 milioi euro dira, iazko kontuen superabitetik datozenak, eta foru erakundeak ekitaldi honetan udalei ordaintzeko konpromisoa hartua zuen.
Neurriak Aldundiaren ekarpenean murrizketa nabarmena inposatzea dakar; Urduñaren kasuan, 82.902 euroko murrizketa ekarriko du udalaren diru sarreretan. Urduñako EH Bildutik gure atsekabea adierazi nahi dugu, udal jarduera Covid-19ko pandemiaren krisi egoeran arriskuan jartzen duen inposizio horrengatik, berez, udalaren diru-sarrerak murriztea dakarrelako.
Pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, gastu publikoa handitu behar da erakundeetatik beharrak dituzten pertsonei lagundu ahal izateko. Horregatik, Kongresuko EH Bilduko taldeak akordioa izenpetu du PSOE eta Unidas Podemosekin, toki, foru eta autonomia erakundeek gastu ahalmen handiagoa izan dezaten politika publikoetarako, Covid-19ko krisiak eragindako ondorio sozialak arintzeko.
Urduñako EH Bilduk ahalegin guztiak egingo ditugu udal aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioei eusteko eta pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko neurriak bultzatzeko. Gure ustez, ez da logikoa udal guztietan neurri bera modu linealean aplikatzea, udal ezberdinen ahalmen ekonomikoa oso desberdina baita. Era berean, Aldundiari elkarrizketa eskatzen diogu guztion artean egoerari aurre egiteko neurriak adosteko.