Denbora da EH Bildu datozen udaberriko udal hauteskundeei begira jarri dela. Tolosarentzat horren garrantzitsua den hitzordua begiz jota du aspalditik EH Bilduk eta Tolosako Udalerako zerrenda osatzeko prozesuan, zerrendaburua hautatzeko parte hartze prozesu irekia egin da azken hilabetean. Parte hartu nahi izan dutenek EH Bilduren komunitatean eman dute izena eta hautagaiak aurkezteko epea irekita, hamabost pertsonen abala jasota aurkeztu da prozesura Andu Martinez de Rituerto Arregi. Horrenbestez, hautagaiak aurkezteko epea amaituta, bera izango da EH Bilduren zerrendaburua maiatzeko hauteskundeetan.
Andu Martinez de Rituerto Lazkaon jaioa da eta 20 urte daramatza Tolosan bizitzen. Ikasketez Gorputz Heziketan lizentziatua da eta Eskola Publikoan irakaslea da 1992tik. “Kudeaketan esperientzia handia duen pertsona da, gaur egun Alegiako Aralar ikastetxeko zuzendaria da eta zuzendaritza karguetan ere urte mordoa egin du hainbat ikastetxetan” azaldu du Ibai Iriartek. Izan ere pertsonen heziketa erdigunean dute ikastetxeek, eta pertsonak eta pertsonen arteko harremanek horrenbesteko garrantzia duten toki batean urte luzez lanean aritutako pertsona da Andu, hautagai ezinhobea Tolosako Udala gidatzeko.
Tolosa eta tolosarrak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Anduk, 30 urte baino gehiago daramatza gure herriarekin hartu-emanean. Kirolaren munduan aktibo jarraitzen du gaur egun. Besteak beste, azken urteetan Tolosan martxan jarritako Zumardia proiektuaren bultzatzaileetako bat da. Izan ere horiek dira bere pasiorik handienetakoak: kirola eta natura. Gizarte gaiekin pertsona arduratua, Tolosako Udalak behar duen gidaria dela ziur du EH Bilduk; ekarpen garrantzitsuak egingo dizkie tolosarrei eta udal jardunari.
“Ilusioz eta arduraz” eman dio baiezkoa jasotako proposamenari Mtnez de Rituertok. “Herrigintzari begira, eta Tolosaren izaera anitzaren ispilu, ni bezalako herritar independente batengan konfiantza jarri izana aurrerapauso pozgarria iruditzen zait. Osatzen ari garen lan-taldeak ere ildo hori jarraitzen du, herriarentzat lan egiteko gogoz gauden tolosar ekintzaile, ezkertiar eta euskaldunak biltzea. Aspalditik ari da EH Bildu lanean ideia horiekin eta guk gure alea jarri nahiko genuke ibilbide honetan” azpimarratu du bere aurkezpenean.
EH Bilduk eta alkategaiak amesten duten Tolosa zein den azaldu du bere lehenengo adierazpenetan: “Tolosa tolosarrok egiten dugu eta guk, Tolosa anitza, solidarioa, parekidea, kritikoa, sortzailea eta euskaldunean,tolosar zoriontsuak nahi ditugu. Hori da amesten dugun herria, tolosar guztiok bizitza alai eta duina aurrera eramateko baldintzak sortzen dituen herria nahi dugu eta hori lortzeko buru-belarri lanean jardungo gara. Tolosa bizia, naturaren kontserbazio eta zaintzari garrantzia emango diona, herri garbi, goxo eta atsegina izateko lan egingo dugu, baita gure harremanetan ere”.
Une oro jarrera irekia azalduz lan egiteko asmoarekin aurkezten da alkatetzara Andu Mtnez de Rituerto. Udalean ere elkarlanerako gogoz aritzeko eta tolosarrontzat lan egiteko, herritarren parte hartze erreala egunerokoan txertatzeko helburua jarri du EH Bilduren alkategaiak, udala herritarren parte hartzea erraztuko duena izan dadin etorkizunean. Duen kudeaketa esperientziari erreparatuz, “kudeaketa gardena eta profesionala” bere lan taldearen jardunaren oinarri izango dela azaldu du. Amaitzeko, berarentzat salto garrantzitsua dela oraingoa azpimarratu du Mtnez de Rituertok: “Gogotsu heltzen diot desafioari, nirekin batera lanean ari den taldearen eta EH Bilduko oinarriaren eta gertukoen konfiantza osoarekin”.
BIOGRAFIA LABURRA
Andu Martinez de Rituerto Arregi Lazkaon jaio zen 1967. urteko irailaren 28an. Duela 20 urtetik hona Tolosan bizi da. Gorputz Heziketan lizentziatua, Gorputz Hezkuntza irakaslea da Eskola Publikoan 1992tik. Gaur egun, Alegiako Aralar ikastetxeko zuzendaria da eta beste hainbat ikastetxeetako zuzendaritzetako partaide izana da. Hainbat urtez, bizikidetza eta hezkidetza koordinatzailea izan da hezkuntza zentroetan. Euskara, gaztelania eta ingelesa hitz egiten ditu.
Hezkuntzaz gain, kirolaren bueltan ere egin du bere ibilbidea: Atletismoan Euskadiko zein Espainiako txapelketak irabaziak ditu, kategoria desberdinetan, eta Europako txapelketetan ere bi dominen irabazle da. Euskadiko Mendizale Federazioko idazkaria izan zen eta Tolosako Alpino Uzturre eta Tolobolei taldeetako bazkidea da.
Tolosako Zumardia proiektuaren bultzatzaileetako bat da eta natur balioen defentsaren aldeko mugimenduetan ibili da. Horretaz gain, Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbidea lortzeko elkarrizketa eta akordioaren alde lan egin zuen Elkarri gizarte mugimenduan parte hartu zuen. 80ko hamarkadan, intsumisioaren aldeko mugimenduan militatu zuen.