AKTUALITATEA


| 2022-09-26 15:46:00

2016ko apirilaren 14an, Elikadura, Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioaren agindu batek Plentziako Udalari 10 urterako eman zion Errotabarriko kirol-instalazioak dauden lursailak okupatzeko emakida. Emakida 2026an bukatuko da.

Denbora honetan, EH Bilduk, S.D. Plentziarekin koordinatuta, hainbat irtenbide landu ditu:

  • - Aurreko legegintzaldian, Gobernu Taldeak (EH Bildu) diagnostiko bat idazteko eskatu zion TEAM Ingeniaritzari, Arpillaoko aparkalekuaren egoera ezagutzeko. Azterlan horretan, Ministerioaren Agindua betez, Arpillao inguruan futbol-zelai bat kokatzeko aukera baloratu zen, eta hori izan zitekeen instalazio mota hori hartzeko baldintzak bete zitzakeen lursail bakarrenetako bat. Esan beharra dago  ondorioak argiak eta laburrak direla, eta, besteak beste, hirigintza- eta ekonomia-arrazoiengatik ezetsi dela aukera hori.

- Legealdi honetan ere gure ekarpena bideratzen jarraitu dugu, eta, premia ikusita, Madrilera jo dugu:

  • 1. Lehenik eta behin, 2021eko maiatzean, Idurre Bideguren gure senataria S.D. Plentziako zuzendariarekin bildu zen, Errotabarriren egoera bertatik bertara ezagutzeko.
  • 2. Bileraren ondoren, ekainean Estatuko Idazkaritzari galdetu zitzaion ea Errotabarriren kontzesioa luzatzeko asmorik zuen.
  • 3. 2021eko urrian, Estatuko Idazkaritzaren erantzuna jaso genuen, eta 2016ko apirilaren 14ko Ministro-agindura bidaltzen zigun. Hau da, egoera berean jarraitzen genuen.
  • 4. 2020ko eta 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan Errotabarriren egoera mahai gainean jarri genuen, besteak beste.
  • 5. Aldi berean, 2022ko otsailean, mozio bat erregistratu genuen Espainiako Senatuko Trantsizio Ekologikorako Batzordean, irtenbide bat bilatzeko eta Gobernuak lurrak Plentziako Udalaren alde jaregitea baloratzeko eskatuz.

Mozio hori irailaren 28an bozkatuko da, eta espero dugu indar politiko guztien babesa lortzea. EH Bildu ildo horretan ari da lanean.

Gainera, jakinarazi nahi dizuegu saioa online jarraitzeko aukera dagoela, laster argitaratuko dugu esteka.

Azkenik,  orain arte Madrilen emandako pausoak publiko egin ez baditugu, itxaropen faltsuak ez sortzeko edo modu oportunistan ez ulertzeko izan dela argitu nahi dugu.
Bestalde, Euskal Errepublika baten beharra berresten dugu, non euskal kostaldearen etorkizuna hemen erabakiko dugun, 78ko erregimenarekiko inolako mendekotasunik gabe.