Teo Alberrok, Pasaiako alkateak, ez du 2027ko udal hauteskundeetan Pasaiako EH Bilduren zerrendaburu izateko hautagaitza errepikatuko. Lau urteko agintaldiaren ondoren, ziklo berri bat zabaltzeko unea dela uste du, baina argi utzi du Pasaiarekin eta herriarekin duen konpromisoak bere horretan jarraituko duela.
Alberroren esanetan, urte hauetan “Pasaiako alkate izatea ohore handia” izan da, baina, batez ere, “beste leku batetik herria egitea” izan da berarentzat garrantzitsuena.
“Zuekin batera, kalean, batzarretan, bileretan, alkateordetzetan..., zuen kezkak entzutea eta elkarrekin gure herria hobetzea” izan da agintaldi honetako esperientziaren ardatza, alkatearen hitzetan.
Ildo horretan, Alberrok azpimarratu du lau urte hauetan lan handia egin dela eta erronka ugari izan direla, baina oraindik ere badugula zeregin aski. Bere ustez, Pasaiakoa bezalako udal batetik herria egitea ez da lan erraza, “baina merezi du”.
Alkateak, halaber, udalgintza herritarren eguneroko bizitzarekin eta herriko kaleekin lotzearen garrantzia nabarmendu du. “Herria elkarrekin egiten dugu: udal ordenantzetatik hasi eta barrutietako jaietara”, adierazi du. Horregatik, bere ibilbide politikoan “bulegoetakoa kalera jaitsiz, herritarrekin batera” lan egin nahi izan duela azpimarratu du.
“Horregatik, hurrengo hauteskundeetan gure herriko kaleetara bueltatuko dira nire indarra eta gogoa”, azaldu du Alberrok. “Ez naiz Pasaiako EH Bilduren zerrendaburu izango. Ziklo berri bat zabaltzeko unea dela uste dut”.
Hala ere, alkateak argi adierazi du erabaki horrek ez duela esan nahi Pasaiarekin duen konpromisoa amaituko denik: “Hemen jarraituko dut, kalean, zuekin, orain arte bezala. Herria egiten, beste leku batetik, baina betiko konpromiso berarekin”.
Alberrok, gainera, 2027ko ekainera arte udal gobernuaren buru izaten jarraituko duela eta 2023an herritarrekin hartutako konpromisoei erantzuten segituko duela adierazi du: “Arduraz, konpromisoz, eta gogoz”.
Azkenik, Pasaiako alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei, lau urte hauetan emandako babesagatik eta partekatutako bideagatik: “Plazera izan da bide hau zuekin egitea. Gure herriko kaleetan ikusiko dugu elkar. Beti bezala”.