AKTUALITATEA


| 2020-02-19 11:30:00

PSE eta EAJ/PNVri lizitazioa lehenbailehen bertan behera uzteko eskatzen diegu.

Kasua sakonki aztertu ondoren eta Antxoko tabernariekin eta Laurak Batekin (merkatarien elkartea) bildu ostean, EH Bilduko kideok Ibaiondoko kantinan diru publikoarekin ordaindutako terraza-edukiontzi bat ezartzea onartezina dela uste dugu. Ondorioz, PSE eta EAJ/PNVri lizitazioa lehenbailehen bertan behera uzteko eskatzen diegu.

EH Bildutik ez dugu ulertzen ze behar duen Pasaiak momentu honetan halako edukiontzi bat erosteko.

EH Bilduren ustez, Antxoko Ibaiondoko kantinak baditu beharrezkoak diren gutxieneko ekipamenduak lizitatua izan ahal izateko, 2015ean 14.912,77€ko kostua izan zuen terraza batekin hornitu baitzen (98 mahaitxo, 40 aulki, kalitate oneko 9 eguzkitako eta 9 erradiadore). EH Bildutik ez dugu ulertzen ze behar duen Pasaiak momentu honetan halako edukiontzi bat erosteko, jakinik, ezarriko den edukiontziak erabilera pribatua izango duela –kantinaren erabilerarako mugatuko baita– eta ez publikoa.

Gainera, Udalak –eta konkretuki hirigintzako zinegotzi ordezkariak–, 2019ko apirilean Antxoko pilotalekuaren ondoan estalki bat eraikitzeko proiektua enkargatu zuen, 11.797,50€ko kostua izan zuena, eta oraindik proiektua formalki aurkeztu gabe dagoela, 32.000€ko edukiontzi bat erosteko prozesua abian jarri da. Ondorioz, proiektua enkargatzen gastatu den dirua zaborrontzira bota da zuzenean. Kontutan hartzekoa da, edukiontzi berriak 6 mahaitxorentzat duela tokia irekita dagoenean eta 3rentzat besterik ez, itxita.

Beste behin ere norabiderik gabeko udal gobernu baten aurrean gaude.

Laburbilduz, beste behin ere norabiderik gabeko udal gobernu baten aurrean gaude, inprobisazioaren ondorioz pasaitarron bizi-kalitatearen aurkakoak diren erabakiak hartzen dituena. Benetan uste al dute PSE eta PNVk hutsik gelditzen den kantina baten lizitazioa bermatzeko 58.710,27€ gastatzeak arazoa konponduko duela? Hau al da Pasaiarentzat lehentasunezkoa den ekintza bat? Ze ezkutuko interes dituzte PSE eta PNVk? Tabernariei kantinak funtzionatzen ez duela onartu ostean edukiontziaren erosketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Frontoia ireki eta isteko eta bertako komunak garbitzeko pertsona bat topatzea bada euren lehentasun bakarra, badaude beste formula batzuk.

EH Bilduren ustez edukiontzia ez da lehentasunezkoa. Gai askoz ere garrantzitsuagoak eta zaharragoak daude oraindik konpondu gabe, horien artean segurtasunari jatorritik helduko dion plan zabal baten garapena, herri barneko mugikortasuna hobetzearen afera baita aparkalekuak berrantolatzearena ere. Gobernuan egon diren 6 urtetan konpondu ez dutena, alegia. Frontoia ireki eta isteko eta bertako komunak garbitzeko pertsona bat topatzea bada euren lehentasun bakarra –lizitazioaren kontratuan hori jasoa baitator–, badaude beste formula batzuk.