AKTUALITATEA


| 2021-05-18 11:15:00

Duela sei hilabete EH Bilduk hainbat neurri proposatu zituen tokiko merkataritzaren egoerari aurre egiteko. Besteak beste, merkatariekin batera neurriak adostea, egoeraren diagnostikoa egitea eta 1.500€rainoko laguntza zuzenak ematea Orozkoko saltoki, taberna, autonomo, enpresa txiki eta ekoizleentzat.

EH Bilduren ustez, Adiek, kaltetutako sektoreak entzun gabe eta kontuan hartu gabe eta inolako diagnostikorik egin gabe jarri ditu laguntzak martxan. Koalizioaren ustez, neurria ez dago tokiko merkataritzako sektore guztiak laguntzera bideratua, izan ere, ez zaie udal-laguntzarik eskatzeko aukerarik ematen beharra duten merkatari guztiei. “Orozkoko tokiko merkataritza bere osotasunean babestu behar dugu, inor bazterrean utzi gabe”.

Honen aurrean, pandemiaren ondorio ekonomikoei modu eraginkor baten aurre egin ahal izateko, neurriak kaltetuak izan diren tokiko merkatariekin konpartitu eta adostea eta Orozkoko jarduera ekonomikoaren egoeraren inguruko diagnostiko bat egitea eskatu dio EH Bildu Orozkoko udal talde politikoak Adieko Udal Gobernuari.

Abian jarri berri diren laguntzetan, martxoaren 8ko adierazpen instituzionalean genero ikuspuntua gehitzeko Udalak hartutako konpromisoa praktikan jarri ez izana salatu du EH Bilduk. “Beste behin ere, Udal Gobernuaren konpromisoak paperaren gainean geratu dira”.

Honen aurrean ere, EH Bildu Orozkoko Udal Talde Politikoak COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero ikuspuntua gehitzen dela bermatzea eskatu dio Adieko udal taldeari.

Udal aurrekontuetan 25.000€ko partida bat sortzeko EH Bilduren proposamena baztertzearen ondorioz, Udalak, Orozkoko merkatarientzako laguntza zuzenetan 0€ inbertitu dituela azaldu du koalizioak. “Dirua badago, baina ez dago inbertitzeko borondate politikorik”.

EH Bilduko udal taldeak kritikatu duenez, tokiko merkatariak laguntzeko, aurreko urtean baino 15.000€ gutxiago inbertitu dira eta urtebete geroago Udalak martxan jarri gabe jarraitzen duen kontsumo-bonuen 10.000€ak Ostalaritza sektoreko autonomo eta enpresentzako aparteko laguntzara bideratu ditu Udal Gobernuak. “Egoerak behar diren baliabide guztiak inbertitzea eskatzen du pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko”.

EH Bilduren ustez, Adiek begiak eta belarriak estalita hartzen ditu erabakiak eta ez du iniziatiba politikorik, ez neurri eraginkorrak martxan jartzeko, ez eta erabakiak adostasunez hartzeko. “Kaltetuenak lagundu eta babestu behar ditugu, baina neurriak ezin dira edozein modutan hartu”.

Orain inoiz baino gehiago, gauzak egiteko beste modu bat beharrezkoa dela eta jendea babesteko eta orozkoarren beharrei modu eraginkorrean erantzungo dieten neurriak martxan jartzeko lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi da EH Bildu Orozko.