Zioa
Egia da, euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, askoz hobeto baina ez aski.
Egia da ere, azken urteotan lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea. Egun, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik. Eta gaur gaurkoz, asko egiterik badugu eremu desberdinetatik hasita.
Eta egia da halaber, azken urtean atzerapauso nabarmenak eman direla hizkuntzaren normalizazioan; pandemiak agerian utzi duelako euskararen erabilera eta transmisiorako gaur gaurkoz dauden arazoak (IKTen bidezko erabileran ageri diren hutsuneak eraginda tartean), hezkuntza sistemak ez duelako bermatzen ikasleak sistematik euskaldun oso gisara atera izatea, edota kale erabilerak behera egin duelako. Honi ezinbestean erantsi behar diogu epaitegietatik ateratako sententzia erasokorrak hizkuntza profilei eta OPEei lotuta, edota Nafarroako gobernuak egin moduan oposizio faseetan euskara balorazio baremazioetatik kanpo uzterakoan. Aipamen berezia merezi du bestetik, pandemian zehar Jaurlaritzaren bozeramaileek gazteleraren erabilera lehenetsi izanak, edota eragileren batek euskararen eta euskal komunitatearen kontra abiatutako kanpaina.
Gaurko egunean, euskal hiztunek ez dituzte dagozkien hizkuntza eskubideak bermatuak. Gaur gaurkoz Euskal Herrian euskaraz bizitzeko zailtasunak mantentzen dira. Eta horregatik, egoeraren larriaz jabetuta, Euskal Herriko hiztun orok bere hizkuntza eskubideak bermatuak izan ditzan, tokiko erakundeetatik hasi eta ezein eremu pribatura arte, urrats sendoak eman beharrean gaude.
Hizkuntza gutxitu baten normalizazio-prozesuaz ari garenean bi elementu izaten ditugu beti buruan. Batetik, hizkuntza hori normalizatzeko pertsonek hizkuntza gutxitua ezagutu behar dute, eta, bestetik, pertsona horiek hizkuntza erabili ahal izateko espazioak behar dituzte. Biak ala biak dira beharrezkoak, baldin eta hizkuntza hori normalizatuko bada.
Horregatik diogu lurgune euskaldunek edo arnasgune geografikoek berebiziko garrantzia dutela euskararen normalizazio-prozesuan. Euskaldun kopuru handia duten herriak eta auzoak dira, euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi direnak, eta normalizatutako edozein hizkuntzak bete beharko lituzkeen funtzioak betetzen ditu euskarak, beren egunerokoan.
Baina urrats berriak eman behar dira, lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuz. Izan ere, eremu horiek sendotzean eta zabaltzean jokatzen dugu normalizazio-prozesu orokorraren arrakasta, hein handi batean.
Abenduaren 3a euskararen nazioarteko eguna dugu. Eta adierazpenetatik haratago, gauden eremuetan konpromiso zehatzak hartzea dagokigu.
Erakunde adierazpen proposamena
Hori horrela, Orozkoko Udal honek, 2021eko Euskararen Nazioarteko Egun honetan honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du:
1.- Euskara lehentasunez erabiltzea jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
2.- Indarrean dagoen euskararen normalizaziorako plana errebisatzea eta hala badagokio eguneratzea, urrats berriak emateko helburuarekin.
3.- Udal aurrekontuaren ehuneko handiago bat euskararen normalizazio politiketara bideratzea.
4.- Udal aldizkaria %100 euskaraz irakurtzeko aukera bermatzea.
5.- Diru publikoa jasotzen duten elkarteei kanpo komunikazioan euskararen presentzia bermatzeko derrigortasuna ezartzea eta baliabideak bermatzea.
6.- Udalak herritarrekin dituen bileretan hala nahi duten herritarrei soilik euskaraz aritzeko aukera bermatzea.
7.- Udal osoko bilkuretan, batzorde informatiboetan eta tokiko gobernu batzordean euskararen erabilera handitzeko neurriak hartzea eta dokumentazioa euskaraz bermatzea.
8.- Euskara ordenantza osatzea.
9.- Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak —Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste— eskuratzeko neurriak hartzea.
10.- Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea, hala nola software librea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak eta euskararen erabilera interneten.
11.- UEMA babestu, indartu eta zabaltzea.
12.- Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
13.- Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea kirol elkarteekin elkarlanean.
14.- Gazteentzako euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
15.- Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
16.- Migratzaileentzako laguntza-ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
17.- Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
18.- Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.
19.- Kale erabilera sustatzeko helburuarekin, kanpaina berezituak abiatzea.
EH Bildu Orozko
Udal Talde Politikoa
Orozkon, 2021eko azaroaren 19an.