AKTUALITATEA


| 2025-01-29 09:22:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak galdera bat erregistratu du, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuari zuzendua, jakiteko foru Gobernuak zer asmo duen “orain edo geroago, etxebizitzaren merkatuaren egoerarekin zerikusia duen informazioa lortzeko prestatze faseari ekiteko, Nafarroako lurralde osoa tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko aukera baloratzeko”.
Ohar batean, EH Bilduk balioan jarri du aste honetan bertan sinatutako foru agindua; horren bidez, Tentsio Handiko Etxebizitza Eremuen izendapenerako jendaurreko epea hasiko da. “Adierazpen hori beharrezkoa da udalerri bakoitzean etxebizitzaren egungo egoera orekatzen lagunduko duten plan espezifikoak onartzea ahalbidetuko duelako”, adierazi du Mikel Zabaletak, talde parlamentarioaren Etxebizitza bozeramaileak.
Hala ere, alderdi subiranistak berretsi du Alfaro kontseilariak iragarritako adierazpena “ez dela nahikoa, Nafarroako udalerrien % 92 kanpoan uzten duelako”. “5.000 biztanletik beherako udalerriak ekimen honetatik kanpo geratu dira. Bazterketa horrek ez du kontuan hartzen herri askori eragiten dien errealitatea, izan ere, hutsik dauden edo noizean behin erabiltzen diren etxebizitza asko daude, eta herritar gehienek ezin dituzte etxebizitza horiek eskuratu”, gaineratu du Zabaletak. “Pentsatzen dugu Nafarroako Gobernuak ahaleginak areagotu behar dituela etxebizitza duin eta eskuragarria izateko eskubide subjektiboa bermatzeko, lurralde kohesio ikuspegia batetik”.
Horren harira, EH Bilduk Nafarroako lurralde osoa tentsio handiko eremu izendatzeko aukera mahaigaineratu dio Gobernuari, eta horren inguruan galdetuko dio Etxebizitza kontseilariari ostegun honetan burutuko den Osoko Bilkuran.