AKTUALITATEA


| 2023-05-14 17:08:00

Aznalek “memoria demokratiko integral baten alde lanean jarraitzeko beharra” azpimarratu du bere hitzartzean. EH Bilduk Memoria Demokratikoari buruzko Estatuko Legean egindako hobekuntzak azpimarratu ditu, “zailtasunez betetako bide luzea izan delako”, baina aitortu du “urrunago” iritsi nahi lukeela, “oraindik ere inpunitatea amaitzeko oztopoak daudelako, hala nola Amnistiaren Legea eta Sekretu Ofizialen Legea”.


Gaineratu duenez, “memoria historikoak, Sartagudan eta Nafarroa osoan zehar esanahi humanitario oso mingarria izateaz gain, muin politiko sakona du”. Horrela, Aznalek gogorarazi du “36an eta diktadura frankistan errepresaliatutako milaka pertsonak euren konpromiso politikoagatik” izan zirela. Hori gogoratzea “funtsezkoa” dela azpimarratu du, “gertatutakoa zentzuz eta esanahiz hustu nahi ez bada”.


Ildo horretan, EH Bilduren hautagaiak aldarrikatu duenez, “ia mende bat geroago, garaiak aldatu egin dira, gizartea aldatu egin da, baina desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira”, eta “horregatik da beharrezkoa justizia sozialaren eta berdintasunaren bandera altxatzea”.
 

Aznalek adierazi duenez, “herritarren pobretze masiboak eta autoritarismoak elkartasuna eta lotura kolektiboak kolokan jartzen dituzten garai nahasi hauetan, inoiz baino gaurkotasun handiagoa daukate errepublikazaleen idealek, hala nola elkartasuna, berdintasuna, guztion ongizatearen defentsa eta herri-subiranotasunarekiko errespetua”. Amaitzeko, adierazi du EH Bilduk “balio errepublikazale horiek berak defendatzen” dituela eta “pertsona guztiei eskubide guztiak bermatuko dizkien berdinen errepublika eraikitzea” dela bere alderdiaren ortzimuga.