Biktimen aitortza eta erreparaziorako berme diren memoria politiken beharra aldarrikatzeko agerraldia egin dute gaur, Eneka Maiz eta Bel Pozueta, Kongresurako Nafarroako hautagaiek, eta Floren Aoiz Senaturako Nafarroako zerrendaburuak.
Bel Pozueta:
Gaur hemen deitu zaituztegu, Iruñeko Zezen Plazaren atarian, 1978ko sanfermin odoltsuaren agertokia izan zelako hau. 48 urte igaro dira polizia-agintari batek 'No os importe matar' agindua eman eta praktikara eraman zuenetik, Germán Rodríguez hil eta ehun pertsona baino gehiago zaurituz. Gure atzean ia bost hamarkadako zigorgabetasuna, isiltasuna, oztopoak eta bidegabekeria daude.
Gaur gaurkoz ez dago-eta argituta zer gertatu zen, arduradunek zigorrik gabe jarraitzen dute, eta German Rodriguezen familiak eskatzen duen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean ere ez da aurrera egin. Horregatik, azken urteotan Kongresuan ahotsa jarri diegu familiak, memoriaren aldeko elkarteek, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako gizartearen gehiengoak behin eta berriz egindako eskaerei. Eta gaur bide horretan bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.
Azken urtetan, San Kristobal gotorlekua oroimenerako leku gisa berreskuratzea lortu dugu, Donostiako cumbre, eta Martxoaren 3ko Memoriala bultzatu ditugu. Orain beste pauso bat emateko unea da. Behingoz, Germanek eta biktima guztiek, salbuespenik gabe, merezi duten aitortza, justizia eta erreparazioa izan dezaten.
Eneka Maiz:
Beraz, memoria inklusibo baten defentsa egiten jarraituko dugu Madrilen. Nafarrek nahi duten oraina eta etorkizuna bakean eraikitzen jarraituko dugu, herri honekiko erantzukizunez eta zintzotasunez. Baina bidea konpartitua da; eta erabaki ausartak beharko ditu. Hau da, Espainiako Estatuak ere aitortzaren eta erreparazioaren bidea egitea.
Germanek ahaztuta jarraitzen du biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa ziurtatzen ez duen Estatu batengatik. Izan ere, Sekretu Ofizialen Legeak, frankismoaz geroztik indarrean dagoenak, sekretismoa eta zigorgabetasuna mantentzea ahalbidetzen du. Mantua altxatuko duten urrats berriak behar dira; baita torturaren, gerra zikinaren edo ultraeskuineko taldeen biktimek errekonozimendurako eta erreparaziorako eskubidea izan dezaten ere.
Bloke erreakzionarioak betikotu nahi ditu azken hamarkadetako iluntasuna eta zigorgabetasuna; baina, horren aurrean, posible da egia eta duintasun fase bat ahalbidetuko duten gehiengoak artikulatzea. Posible da pertsona guztientzako eskubideen defentsan etorkizuna bakean eraikitzea. Azaroaren 29an etorkizun hori ezker subiranista indartsu baten eskutik baino ez da etorriko. Guk gure memoria, Nafarroako memoria, integrala izan dadin bultzatuko dugu-eta.