Hizkuntza eskubideen aldeko defentsa aldarrikatzeko, Eneka Maiz EH Bilduko Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak agerraldia egin du goizean.
Beste behin, gure hizkuntz eskubideak murrizteko arriskua dugu parez pare. Bloke erreakzionarioak ez du bere agenda ezkutatzen: pinganilloak eraisteaz ari dira; euskararen erabilera Madrilen debekatzea proposatzen ari dira. Baina ez gara inozoak eta badakigu entzungailuen ezabatzearen ideiak zer ezkutatzen duen atzean; zein den benetako arriskua da: gure hizkuntza, gure kultura, gure errealitatea eta gure nortasuna isilarazi nahi du bloke erreakzionarioak. Mehatxuaren aurrean, gaur aldarrikatu nahi dugu orain arte bezala, euskararen eta euskaldunen ahotsa entzungarri egingo dugula Madrilen, inolako konplexurik gabe. Baina ez goaz soilik gure existentzia aldarrikatzera; Nafarroaren euskalduntasuna defendatuko dugu Madrilen. Euskara gure hizkuntza da, eta nafar jendartearen gehiengo zabalak aitortzen dion tokia exijituko dugu. Gaur, beraz, gizartearena den aldarrikapena gure egin eta Madrilera eramateko konpromisoa agertzen dugu: gure hizkuntzari, denona den ondare honi, merezi duen aitortza eta ofizialtasuna defendatuko dugu. Nafarron indarrez eta borrokaz lortu dugu hemen Nafarroan euskara ikasteko doakotasunean edota D ereduen ezarpenean aurrera egitea. Badakigu urrats gehiago eta handiagoak behar ditugula gure herritarren hizkuntza eskubideak eremu guztietan errespeta eta berma daitezen; horregatik, indar gehiago behar dugu. Euskarak etorkizun itxaropentsua du, eta etorkizun hori Nafarroatik eraikiko dugu. Azaroaren 29an hori horrela izateko bermea da EH Bilduk.