AKTUALITATEA


| 2024-09-13 11:59:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak “ontzat” jo du 2025ko Nafarroako aurrekontuak hedakorrak izatea, “nahiz eta hazkundea aurreko urteetan baino txikiagoa izan”. Hala ere, ohartarazi du politika publikoak indartzea izan behar dutela lehentasun. “Aurrekontuek jendearen bizitzetan zuzeneko eragina duten arazoei soluzioa eman behar diete. Hori izan behar dute lehentasun eta hori ziurtatzeko arretaz lan egiten jarraituko dugu. Arretaz begiratuko dugu gastu banaketa eta zer esan nahi dutek gobernuak alor soziala aipatzen duenean”, adierazi du Laura Aznal bozeramaileak.

Nafarroako Gobernuarekin hitz egiten jarraitzeko, adostasunetara iristeko eta ekarpenak egiteko eta partekatzeko prestutasuna agertu du prentsaren aurrean, abiapuntua indarrean dagoen 2024ko aurrekontu-akordioa eta horren betetze-maila izango dela azpimarratuz.

Alderdi subiranistak gogoratu du Europako funtsak amaituko zirenerako prestatu beharraz ohartarazi zutela. “Agerian geratu da sektore publikoaren bideragarritasuna blindatu eta ziurtatu behar dugula. Hau da, zerbitzu publikoak indartzeko balio duen fiskalitatea behar dugu, fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa, lanaren errentetan nagusiki oinarrituko ez dena”. Eztabaida hori Fiskalitate Mahaian eman behar dela iritzi dio taldeak, hain zuzen ere, ezker subiranistak Nafarroako Gobernuarekin helburu horretarako egindako azken aurrekontu akordioan adostu zuena.