AKTUALITATEA


| 2024-06-07 10:20:00

Laura Aznal Nafarroako bozeramaileak agerraldia egin du, gaur goizean, Iruñean, Europako hauteskundeen kanpainari amaiera emateko. EH Bilduren aldeko botoa eskatu die herritarrei, nazioaren alde eta guztiontzako etorkizun hobe baten alde.

Ia konturatu gabe iritsi gara kanpainako azken egunera. Azken bi asteetan, Nafarroa luze zabalean, EH Bilduk 20 ekitaldi baino gehiago egin ditu, hauteskunde hauen garrantzia herritarrei erakutsi eta gure mezua zabaltzeko. Hiri eta herri handi zein txikietan izan gara kanpainan ekitaldiak egiten, kartelak jartzen, esku orriak banatzen... Nafarroa luze zabalean, boto bakoitzak berebiziko garrantzia duelako, eta ezinbestekoa delako guztiok parte hartzea eta boto horiek etorkizuna eraikitzeko erabiltzea. Antsoaindik Sartagudara joan gara, funtsezkoa baita gogoratzea gure herriaren defentsan borrokatu eta erori zirenek totalitarismorik eta faxismorik gabeko etorkizun baten itxaropenarekin egin zutela. Euskal Herria beti izan da erresistentziako herri bat, Gernikako izugarrikerietatik hasi eta zapalkuntzaren aurkako ahotsak altxatu ziren txoko bakoitzeraino. Gaur, Gernikako seme-alabak, Sartagudako alargunen bilobak garen heinean, borroka antifaxista eta antimilitarista hori daramagu gure DNAn. Igande honetan, borroka hori hautestontzietan jarraitzeko aukera izango dugu. Igande honetan, hitzordu erabakigarria dugu etorkizunarekin. Ez utzi beste batzuei zure ordez erabakitzen. Zure botoa herri hobe baterako zure itxaropen eta asmoen adierazpena delako. Hezkuntzan, enpleguan, osasunean, etxebizitzan eta gure seme-alaben eta biloben ongizatean eragina duten politiketan eragiteko aukera da. Herrien Europa bat eraikitzea geure etorkizuna eta datozen belaunaldiena eraikitzea da. Ezin dugu onartu iraganeko itzalak berriro gure gainean jartzea. Gure erantzukizuna da Europako politikek ditugun balioak eta helburu kolektiboak islatzen dituztela bermatzea. Euskal Herria bezalako estaturik gabeko nazioen autodeterminazioa eta eskubideak babestuko dituela bermatzea. Igandean erakutsiko dugu herri honetan, Euskal Herrian, beste joko arau batzuk ditugula, logika propioa dugula: NATOri ezetz esan zion herria da gurea, militarismoaren aurrean mugimendu intsumisoa antolatu zuena, greba feministen bitartez zaintzak erdigunean jartzea aldarrikatzen duena, euskararen ofizialtasuna irmotasunez eskatzen duena eta genozidioak salatu eta geldiaraztea exijitzen duena. Horregatik, dei bat egiten diegu euskal herritar guztiei: goazen botoa ematera igandean. Gure ahotsa ozen eta argi entzun dadin Bruselan, nazioaren alde eta guztiontzako etorkizun hobe baten alde. Igande honetan, egin zaitez gure etorkizunaren eraikuntzaren parte. Igande honetan eman botoa EH Bilduri. Igande honetan eman zure botoa Pernando Barrenari, nazio bat garela ozen eta argi esateko, subiranotasunaren bidean aurrera egiteko eta etorkizun hobe baten kontra egiten duen ultraeskuina gelditzeko.