Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk Espainiako Gobernua eta Udal eta Probintzien Federazioaren arteko akordioa gaitzesten du


| 2020-08-05 10:55:00

EH Bilduk gogor gaitzetsi du Espainiako Gobernuak eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak atzo lortutako akordioa, tokiko erakundeek euren superabita Estatuari emango diotela dioena, eta erabaki horretan atzera egiteko exijitu du. Tokiko erakundeek "COVID-19ren krisiaren ondorio sozialak arintzera bideratutako politika publikoetarako soberakina eduki ahal izatea" eskatu du; maiatzaren 20an EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek Madrilen sinatutako akordioan jasotzen zen bezala. Horrenbestez, sinatutako akordioa "bete egin behar da, eta ez da bateragarria atzo hartutako erabakiarekin".


 

Alderdi politikoak, gainera, "PPk eta UPNk onartutako Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea makillatzeko PSOEk egindako ahalegina" dela uste du, "erabateko zentralizazioa ekarri duena, udalen autonomiaren aurkako erasoa eta zorra ordaintzeari lehentasuna ematea, herritarren beharren gainetik, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan ezarritako betebeharra". EH Bilduk kritikatu egin du PSOEk Montoro Legea eta Konstituzioaren 135. artikulua indargabetzeko "borondate politikorik ez izatea", “ezta egungo testuinguruan ere, non erakundeek eta udalek, bereziki, behar sozial eta ekonomikoei aurre egiteko baliabide guztiak behar dituzten, kohesio soziala ziurtatzeko, tokiko ehun produktiboa sendotzeko, langabezia murriztuko duen jarduera ekonomikoa sortzeko eta okerren pasatzen ari direnei laguntzeko ". Hori dela eta, "berehala indargabetzeko" eskatu du.


 

Azkenik, EH Bilduren ustez, Espainiako Gobernuak eta FEMPek "gutxietsi egin dituzte Nafarroak toki-araubidean dituen eskumen historikoak, bereziki tokiko ogasunei dagozkienak; izan ere, Nafarroako udalek ez lizkiokete inolaz ere beren superabitak Estatuko Gobernuari utzi beharko". Ildo horretan, alderdi subiranistak ziurtatu du udaletan eta ordezkaritza duen gainerako eremuetan lan eginen duela "udalen autonomia aldarrikatzeko eta subiranotasun ekonomiko osoa lortzeko bidean aurrera egiteko, Nafarroako erakundeek diruzaintzako soberakinak nola eta zertan erabili behar dituzten erabakitzeko".