AKTUALITATEA


| 2023-01-25 09:48:00

EH Bilduren iritziz, egunetik egunera nabariagoa da Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Gasteizko Mendiak Parke Natural izendatzeari, interes ekonomikoak eta proiektu zehatzak ezkutatzen dituelako, balio natural handiko gune horren kontserbazioaren gainetik. Horren adibide garbia da Azazetan zentral eoliko bat eraikitzeko proiektua, ingurumen-txosten guztiek ohartarazi baitute ingurunean inpaktu larriak eta atzeraezinak izango direla.

 

Hori dela eta, EH Bilduk Gasteizko Mendiak Parke Natural izendatzeko lanei berriro ekitea proposatu du, ingurune natural bati eman dakiokeen babesik handiena. Mozio hori Gasteizko Udalean onartu da eta Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan ere eztabaidatuko da. Ekimenaren testuan eskatzen da, gainera, eragindako toki-erakundeekin lankidetzan egin dadila prozesua, haiek baitira, azken finean, mendeetan ingurune natural hori horrela kontserbatzea ahalbidetu dutenak. Era berean, bitartean, eremu horretan eragina izan dezakeen edozein proiektu geldiaraztea eskatzen da, bereziki, Eusko Jaurlaritzak berak Azazetan bultzatu duen zentral eolikoa.

 

Orain zentral eoliko bat eraiki daiteke duela urte batzuk arte parke natural izendatu behar zuten eremu batean. Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea da ingurune horren kontserbazioa bermatuko duen eta Azazetako zentral eolikoa bezalako zentzugabekeriak saihestuko dituen tresna bakarra”, Ruth Ibisate Arraia-Maeztuko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez.

 

Duela 17 urte sortu zen eremu hori parke natural izendatzeko lehen proposamena. Hainbat urtez geldirik egon ondoren, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen duela hilabete batzuk egungo babes bereziko eremua (KBE) zabaltzea, Gasteizko Mendien goiko aldera mugatzen zena. Babes-eremu hori 1.800 hektareatik 5.000 hektareara zabaltzen zela esan zen. Hala ere, horrek babes-figurarik gabe uzten ditu gutxi gorabehera beste 9.000 hektarea, eta horiek babestea aurreikusita zegoen Gasteizko Mendien Eremuko Natur Baliabideak Antolatzeko Planean (NBAP). Plan horrek proposatzen zuen parke natural izendatzea 13.631 hektareako eremua.

 

 

Funtsezko aldaketarik ez proiektuan

EH Bilduren ustez, parke natural izendatzeak erabat bideraezina egingo luke zentral eoliko hori martxan jartzea. Ildo horretan, EH Bilduk gogorarazi nahi izan du Arabako Foru Aldundiak txosten sendoak egin dituela proiektu horren eragin larriez ohartarazteko, eta, gainera, Foru Gobernua txosten horiek ezkutatzen saiatu dela.

 

Eragin larriez ohartarazten zuten Aldundiaren txosten sendoei erantzunez, aldaketa txiki batzuk baino ez dira egin proiektuan. Gure ustez, hiru haize-sorgailu metro batzuk harago mugitzeak ezin du funtsezko aldaketarik ekarri instalazio horiek ingurumenean eragingo dituzten eragin larrietan”, Ibisatek nabarmendu duenez