Arraia-Maeztuko EH Bildu udal-taldeak herriko eragile soziokulturalentzako lokalak eskatzeko mozioa eramango du hurrengo osoko bilkurara, herrian dagoen jarduera sozial eta ludikoari erantzuna emateko.
EH Bilduren diagnostikoaren arabera, azken urteotan eragile asko jarduera interesgarriak garatzen hasi dira, udalerriko dinamika soziala aberasten dutenak. «Eragile horiek guztiek premia komun bat partekatzen dute, hau da, elkartzeko, partekatzeko, sortzeko eta antolatzeko aukera emango dien espazio baten eskaera», adierazi dute udal-taldeko kideek. EH Bilduren ustez, Udalak erantzun bat eman beharko lioke eskaera horri.
EH Bilduk herri programan jasotzen zuen eskaera hori: Arraia-Maeztun espazio publikoen beharra dago, eragile sozial eta kulturalek beren jarduera garatzeko aukera izan dezaten. Gainera, azken egunetan Udalean erregistratutako agiri batean ere ezaugarri horiek biltzen dituen lokala eskatu du herritar talde batek, «aktibitatea eta aberastasun soziala, bakardade egoerak arintzea, arratsaldeetan entretenimendua ekartzea eta Mendialdeako pertsonen arteko batasuna erraztea ekar lezakeen generazio arteko espazio soziokulturala», herritarren esanetan. Arraia-Maeztuko EH Bildu udal-taldea ados dago eskaera horrekin.
Beharrak aztertzea
Mozioan, udalerriko eragile guztiekin mahai soziokultural bat sortzeko konpromisoa eskatuko diote Udalari, lokalei dagokienez dauden beharrak aztertu eta eztabaidatzeko.
Halaber, EH Bildu udal-taldeak beste konpromisoa bat ere eskatuko dio Udalari: eragile sozial eta kulturalei elkartzeko eta beren jarduera garatzeko gune bat eskaintzeko gaur egun udalerrian dauden aukera guztiak aztertzeko konpromisoa.
Udal-taldeak herriaren eskari bat dela argi utzi nahi izan du mozioaren aurkezpenean: «Ez da EH Bilduk proposatzen duen zerbait, Arraia-Maeztuko hainbat eragile sozial eta kulturalek eskatzen duten zerbait da», EH Bilduren esanetan.