UPNk nahiko indartsu hasi zuen bere ibilbide politikoa Lizarraldean, batez ere eragile ezberdinen arteko elkarlanaren ikuspegitik, nagusiki eskualdeko parlamentariak gidatuta. Badirudi, ordea, Lizarran Ruiz de Aldak gobernatzen duen taldea ez datorrela bat bere alderdiak merindade mailan abian jarri duen estrategiarekin.
Dirudienez, UPNren helburu nagusia eskualdeko despopulazioaren aurkako borroka zen, eta horretarako Estellerria baloratzeko ponentzia bat martxan jartzea proposatu zuen. Baina helburu hori lortzeko esparru komun baten alde egin beharrean, Lizarrako alkateak bere alderditik aldentzea eta UPNk Lizarran dituen aspaldiko asmoekin jarraitzea erabaki du. Hiria gainerako herriekin batera lan solidariotik ateratzea, eta berekoikeriarekin jokatzea, merindadearen baliabideak bereganatzeko botere politikoaren bila doa; oraingoan, dirudienez, Lizarrako PSNko ordezkarien konplizitatearekin.
Jakina da UPNk "Plazara!" gertuko produktuen eskualde-merkatuarekiko duen kontrako jarrera. Javier Esparzak, alderdiko egungo presidenteak, behin baino gehiagotan defendatu du tokiko produktuekin egindako merkatuen garrantzia, baina Lizarrako UPNk jazarpen eta eraispen kanpaina bat egin du Plazara! ekimenaren kontra, oraintxe ezagutu dugun albistearekin amaitu dena: tokiko ekoizleentzako zailtasun amaigabeak Plazara!-n salmenta egiteko. Batez ere, erabaki politikoengatik, hala nola irabazi asmorik gabeko elkarte bati tasak kobratzea. Argi uzten du UPNren borondate politiko eza herrialde aurreratuenen garapen iraunkorreko politiketan sartzen den ekimen bat sustatzeko.
Bestalde, UPNko ordezkariek hilabeteak daramatzate adierazten Lizarraldeko Turismo Partzuergoari egiten diogun ekarpen ekonomikoa birplanteatu beharko litzatekeela, honen funtzioak ere zalantzan jartzen dituztelarik. Gainera, jakin ahal izan dugu Lizarrako Udaleko Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza arloko presidenteak, joan den legegintzaldian, partzuergo horretako zuzendaritza-batzordeko kide bazen ere, erakundearekiko dedikazioa eta interes falta ikaragarria erakutsi zuela, bi bileratan bakarrik parte hartu bait zuen. Lankidetzaren eta konpromisoaren adibide bikaina. Horretaz gain, egin diren batzordeetan, ez da inoiz partzuergoa bera aipatu.
Baina azken asteetan ezagutu dugun albiste kezkagarriena TEDER tokiko garapen-agentziari buruzko jarrera da. UPN joan den osteguneko osoko bilkuran, PSNko ordezkariaren mozio baten harira, gezurretan eta datu objektiboei buruzko faltsukerietan ibili zen (TEDERek Lizarrako Udalak utzitako lokalak erabiltzen dituela, adibidez), eta horrek pentsarazten digu Lizarrako UPNren jarrera hurrengoa dela: dena eskualdearen alde, baina eskualdea kontuan hartu gabe.
Horrela, EH Bilduk hainbat hilabete daramatzan salaketari, hau da, udal politikagintzan dagoen gelditasun politikoari, kudeaketarako erakusten duten ezintasunari eta ekintzarako motibazio ezari, Lizarrako UPNk duen eskualde-ikuspegi eza gehitu behar zaio; edo, hobeki esanda, eskuindar ustelaren politikek berezkoa duten eskualde-ikuspegi oso mugatu, insolidario eta epe laburrekoa.
EH Bilduk lanean jarraituko du eskualdeko herritar guztien eskubideak defendatzeko eta Lizarraldeko aniztasuna elementu aberasgarri gisa uler dadin, bide horretan aurrera egiteko behar diren gehiengoak lortzen saiatuz.