Joan den abenduko osoko bilkuran adierazi zuen bezala, EH Bilduk idatziz eskatu du Lizarrako Udalak eta Nafarroako Gobernuak 1990ean San Jeronimo Patronatua Fundazioaren lokaletan egindako 60 milioi pezetako inbertsioa eguneratzeko, zeinetan egun EGA Erretiratu, Pentsiodun eta Alargunen Kluba dagoen. Eguneratze horri esker, koalizio soberanistaren ustez, "bi erakundeek eta Patronatuak sinatutako hitzarmena bete ezean, Patronatuari eskatu beharreko zenbatekoa ezagutu ahal izango litzateke".
1990an sinatutako akordioaren arabera, San Jeronimo Patronatua Fundazioak lokala 60 milioi pezetako inbertsio publikoaren truke erretiratuen elkarteari "epe mugagabean alokairuan uzteko" konpromisoa hartu zuen. "Hala ere, azken hilabeteetan kontratuaren amaiera jakinarazi zaio Ega Elkarteari, gaur egun instalazio horiek erabiltzen baititu", adierazi du EH Bilduko udal taldeak. Era berean, gogorarazi dutenez, joan den azaroko osoko bilkuran "EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeak batera mozio bat onartu zuten, San Jeronimo Fundazioaren eta Ega Erretiratu, Pentsiodun eta Alargunen Klubaren artean negoziatzeko eskatuz, azken hori bere jarduera soziala garatzeko lokalik gabe gera ez dadin, 1.500 bazkide baino gehiago dituela kontutan hartuz".
EH Bilduk azpimarratu duenez, "garrantzitsua da Udalak 1990ean sinatutako hitzarmena betetzen dela bermatzea. Ez bakarrik herritarren interesak babestuz, bereziki erretiratuen eta pentsiodunen interesak, baita une honetan egindako inbertsio publikoa ere". Ildo horretan, adierazi dutenez, "inbertsioa eguneratzea ezinbestekoa da, hitzarmena bete ez dela erabakiz gero, San Jeronimo Patronatuari eskatu beharko litzaiokeen zenbatekoaren jakitun izateko.”