EH Bilduk deitoratu du “Ayegui Unido”ren gobernu taldea, eragile aktiboa izan beharrean, oztopo nagusia bihurtu dela herrian ikastetxe publiko bat eraikitzeko bidean.
Koalizio subiranistak gogorarazi du EH Bilduk Nafarroako 2022ko aurrekontuetan sartutako 100.000 euroko zuzenketak herriko errealitate demografikoari erantzuten diola, eta deitoratu du udalak, aukera hori aprobetxatu beharrean, Hezkuntza Departamentuaren lana atzeratu eta zaildu duela.
“Ayegui Unidoren gobernu taldearen interes falta ikusita, gure udal taldeak behin eta berriz esan behar izan dio alkateari aukera hori aprobetxatzeko, bozeramaileen batzordea deitzeko eta hezkuntza sailarekin biltzeko” adierazi dute EH Bilduko zinegotziek.
Koalizioaren udal taldeak gogorarazi du Hezkuntza Sailak aurkeztu diren hiru lursailetan eragozpenak jarri baditu ere, kasu guztietan, batean izan ezik, eragozpenak erabaki politikoen bidez salba daitezkeela. “Kasu batean hirigintza-plangintza aldatzea edo orube berean auditorio proiektua eta ikastetxe publikoa bateragarri egitea bestean, gutxieneko borondatearekin gaindi daitezkeen oztopoak dira”. Hala ere, orain arteko oztoporik handiena Ayegui Unidok Aiegiko ikastetxe publikoa errealitate izan dadin aurrera egiteko borondaterik ez izatea da.
Era berean, Udalak Hezkuntza Departamentuari egino dion “jaiotza-tasari, kostuei eta ereduari buruzko informazio eskaera” prozesua luzatzeko aitzakia berri gisa ikusten dute zinegotziek. “Ikastetxe publikoaren proiektua idazteko 100.000 euroko dirulaguntza galdu zen iaz. Aurten, Hezkuntza Sailak proiektua berriro sartu du Nafarroako Aurrekontuetan. Alkateak, prozesu hau atzeratzeko aitzakia berriak bilatu beharrean, gaur egun dauden oztopoak gainditzeko Hezkuntza Sailaren proposamenak kontuan hartzen hasi beharko luke” udal talde soberanistaren iritziz.
EH Bilduk adierazi du orain arte bezala ekarpenak egiten eta lan egiten jarraituko dutela Aiegiko Ikastetxe Publikoa errealitate izan dadin, eta iragarri du Bakartxo Ruiz parlamentariarekin eta Koldo Solchaga Ancineko ikastetxeko zuzendariarekin solasaldi bat antolatuko dutela, hezkuntzak Nafarroan dituen erronkei heltzeko eta lehen eskutik ikastetxe publiko batek herria egiteko eta komunitatea indartzeko duen esperientzia ezagutzeko. Hitzordua otsailaren 15ean, asteazkena, arratsaldeko 19:30etan izango da, kiroldegiko erabilera anitzeko aretoan.