Mikel Arruti Salaberria (EH Bildu) da Lezoko alkate berria. Gaur osatu da udalbatza, eta honek aukeratu du alkate, gehiengo osoz. Herritarrentzako politikak, jarrera irekia, gardentasuna eta elkarlana aldarrikatu ditu. Udalbatzarraren ondoren plazara atera da udal gobernu berria, eta aurreskua dantzatu diete eta familia argazkia atera dute.
Mikel Arruti alkateak udalbatzarrean egindako hitzañdia:
"Eskerrik asko udal hauteskundeetan gure taldeari, Lezoko EH Bilduri, bozka eman zenioten herritar guztiei, eta baita beste aukera baten alde egin zenutenei ere. Herritar guztiak kontuan hartuz gobernatuko dugu. Apaltasunez eta herritarrekin harreman zuzena izanez. Herritarrekin batera arituz.
Guretzako udalgintzan aritzea herrigintzaren beste arlo bat da. Arlo garrantzitsua: herrigintzan sakontzeko, herrigintza indartzeko, sustatzeko baliabide garrantzitsua izan baitaiteke. Baina herrigintzaren benetako motorra herriko elkarte eta eragileak, eta herritar konprometituak dira. Horregatik, Lezoko alkate moduan nire lehenengo aitortza herriko elkarte, eragile eta herritar konprometituei egin nahi dizuet. Zuek zarete Lezo herri bizia egiten duzuenak. Mila esker zuen lan, denbora eta jakintza guztiagatik.
Gurean ez da aginte makilik ematen, gu ez baikara agintariak, gu ordezkariak gara. Herritarren ordezkariak gara. Gurean, eskuetan dudan zumitzezko uztaia jasotzen da. Eta oso ongi irudikatzen du udal batek izan beharko lukeen egiteko modua. Gure eredua zein izango den bai, behintzat.
Borobila da zumitzezko uztaia; herritarrak erdigunean izan ditzagun. Ez du ertzik; inor izkin edo ertz batean utz ez dezagun.
Sendoa da; aurrean ditugun erronkei sendotasunez erantzun diezaiegun.
Baina, aldi berean, malgua da; egoera zaurgarrian dauden herritarren aldeko politikak gauzatu ditzagun, edota herriko hainbat egoeren aurrean malgutasunez aritu gaitezen.
Irekia da; gainerakoen iritziak, proposamenak entzun, jaso eta kontuan har ditzagun.
Ez du ezkutatzeko lekurik; gardentasunez lan egin dezagun. Guztiona den dirua zertara bideratzen den eta nola kudeatzen den herritar orok jakin dezan. Gure konpromisoa duzue politika ekonomiko arduratsua, gardena eta ustelkeriarik gabea egingo dugula.
Eta zuntz asko kiribilduz osaturik dago; elkarrekin aritu behar baitugu gure herriaren alde: herritarrak, elkarte eta eragileak, alderdiak eta udalak. Elkarlanean aritu behar dugu Lezok indar handiagoz aurrera egin dezan.
Horrela ulertzen dugu udal baten jarduna. Horrelakoa izango da gure gobernantza eredua. Horrela bideratu nahi dugu aurrerakoia, feminista, independentista eta euskaltzalea den gure proiektua.
Proiektu hori da herritarren esku jarri nahi duguna. Guztion artean, Lezo herri biziago eta bizitzeko atseginago bat eraikitzen jarrai dezagun".
Mikel Arruti Salabarria (EH Bildu) da Lezoko alkate berria. Orain hartu du kargua, udalbatzarrean. Zumitza eman dio orain arteko alkate Jesus Mari Martiarenak (EAJ). EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak, gehiengo osoz. Lezoarra da Arruti, 1977koa.
— EH Bildu Lezo (@EHBilduLezo) June 17, 2023
Berriro #EgingoDugu pic.twitter.com/EDsVbcNPi3
Kargua hartu ondoren, bertso hau bota du Mikel Arrutik: