AKTUALITATEA


| 2026-10-28 07:23:00

Lezoko EH Bilduk Herri Batzarrerako deialdia luzatu die koalizioaren komunitatea osatzen duten kide eta lagunei. Hitzordua azaroaren 4an izango da, 19:00etan, Ibaiondon, eta bi gai nagusi izango ditu hizpide: Lezoko udal egoera eta 2027ko udal hauteskundeetarako ziklo berriaren prestaketa.

2027ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeak hitzordu garrantzitsua izango dira Lezorentzat. Azken urteotan egindako lanari jarraipena eman eta herriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko, Lezoko EH Bilduk martxan jarri du hauteskunde ziklo berria prestatzeko prozesua.

Herri Batzarrean, batetik, Lezoko udal egoeraren inguruko hausnarketa egingo da, azken urteotako ibilbidea eta datozen urteetako erronkak aztertuz. Bestetik, 2027ko udal hauteskundeei begirako prozesuaren nondik norakoak eta hurrengo hilabeteetako urratsak azalduko dira.

Horrez gain, batzarrean Lezoko EH Bilduren Mahai Politikoak 2027ko udal hauteskundeetarako zerrendaburu izateko egindako proposamena aurkeztuko da. Proposamena azken asteotan komunitatearen baitan egindako parte-hartze eta hausnarketa prozesuaren emaitza da.

Lezoko EH Bilduk herritarrekin batera eraikitako herri proiektuan sakontzen jarraitu nahi du, eta datozen urteetako erronkei elkarlanean erantzuteko konpromisoa berresten du. Bide horretan, komunitateko kide eta lagun guztiak animatu ditu Herri Batzarrean parte hartzera.

Herri Batzarra azaroaren 4an izango da, 19:00etan, Ibaiondon.