AKTUALITATEA


| 2022-12-16 13:19:00

Abenduaren 5ean, Aralar kaleko orubean lur-jausia gertatu zen, 3-5 sotoetatik oso gertu. Egin beharreko lehen lanak orubearen egoera egonkortzeko lanak dira, bertako bizilagunen segurtasunak izan behar baitu lehentasuna.

 

Hilabeteak dira bizilagunek eremuko goialdeko espaloian zartadurak agertu zirela udalari jakinarazi ziotenetik. Apirilean agertu ziren lehen zartadurak handitzen joan ziren, eta horren berri ere udalari eman bazioten ere, udalaren aldetik ez zuten erantzunik jaso. Eremu hori da erori dena.

 

Bestalde, otsailaz geroztik lanak geldirik daude. Horren arrazoia prezioen gorakadek proiektuan sortutako gainkostuak dira, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan. Bistakoa da lur-jausiak aurreikusi gabeko lanak sortu dituela, eta ondorioz, proiektuaren zenbatekoan gainkostu berriak sortuko dituela.

 

Gertakari horiek proiektuan inguruan zalantzak eta bizilagunen artean ezinegona areagotu dituzte. Horregatik, ezinbestekoa da udalak eta Jaurlaritzak lehen eskutik informazio argia eta zehatza ematea herritarrei.

 

Lezoko EH Bilduren ustez, momentu egokia da egoera baliatu eta udalak herritarrekin batera proiektuaren inguruko hausnarketa egiteko: herriko beharrak aztertu, proiektua berraztertu eta etorkizunera begirako proiektua landu. Orubea herriaren erdialdean dago kokaturik eta bertan eraikitzen den proiektuak izango duen eragina ere kontuan hartu beharko litzateke.

 

Gaur egungo proiektua 2010.urtean idatzi zen, baina Jaurlaritzak ez du gauzatu, oraindik. Alokairura bideratutako 52 apartamentu eta anbulategi berria eraikitzeko proiektua da. Alokairua 5 urtetarako izango litzake, gehienez ere, eta 52 apartamentu horietatik lezoarrentzako 10 izango lirateke.