AKTUALITATEA


| 2024-11-13 17:36:00

Urriko udalbatzan Leioan 2025ean aplikatuko diren Ordenantza Fiskalak eztabaidatu ziren. EAJren eta PSEren gobernu taldeak % 2,5eko igoera orokorra onartu zuen, zaborra biltzeagatiko tasaren kasuan % 50ekoa izango dena.

EH Bilduk proposamena errefusatu zuen. Uste dugu % 2,5eko igoera gehiegizkoa dela, eta % 1,5eko igoera proposatu dugu. Azken urteetan inflazioa handia izan da, eta 2024an soldaten batez besteko igoera % 2koa izan da; horregatik, egokiagoa iruditzen zaigu %1,5eko igoera aplikatzea.

Urrian zehar Ordenantza Fiskalei buruzko lan-mahai bat sortu zen Udalean talde politiko guztiekin. Bertan, batez ere OHZri eta zirkulazio-zergari buruz aritu ginen. Lan-metodo ona iruditzen zaigu, baina pena da akordioetan gehiago aurreratu ez izana.

OHZn lortu dugu azkenean etxebizitza hutsen errekargua eta udalerriko katastro-balio handiena duten etxebizitzen errekargua aplikatzea. Era berean, energia berriztagarriko sistemak instalatzeagatiko hobaria eskuratzerakoan udal-lizentzia bat izateko beharra deuseztatzea lortu dugu, legez ez baita derrigorrezkoa. Hori dela eta, OHZren ordenantza fiskalean abstenitzea erabaki genuen.

Ibilgailuen gaineko Zergan (TMIZ) proposamen bat aurkezten dugu egungo egoerarekin amaitzeko, non presio fiskal handiagoa aplikatzen zaien potentzia txikiagoko eta balio txikiagoko ibilgailuei. Hasiera batean proposamen hori onartu zutela zirudien, baina azkenean egoera berean gaude: gobernu-taldeak presio fiskal handiagoa aplikatzen die potentzia txikiagoko ibilgailuei potentzia handiagokoei baino (presio fiskal handiagoa ibilgailu "merkeei" eta presio fiskal txikiagoa "garestiei").

Zentzugabekeria iruditzen zaigu Hondakinen bilketa-tasarako onartutako % 50eko igoera. Arau-esparru berriak zerbitzu buruaskia izateko beharra planteatzen badu ere, printzipio gisa ulertzen da, eta ez 2025ean bete beharreko betebehar gisa. Baina, garrantzitsuena, legedi berriak planteatzen du ordenantza fiskalek sortzen denaren arabera ordainketa-sistemak ezarri beharko dituztela, hau da, zabor gehien sortzen duenak gehiago ordain dezala. Alde horretatik, gobernu-taldeak ez du aurrerapausorik eman zentzu horretan, eta aspalditik eskatzen ari garen zerbait da. % 50eko igoera herritarrentzat, baina Udalak ez du inolako erantzukizunik sorrerako ordainketa-sistemak ezartzeko, arduragabekeria iruditzen zaigu, eta gobernu-taldeak duen noraezaren adibide.

Proposamen gehienetan hobariak aplikatzea proposatzen genuen, Leioan fiskalitate progresiboagoa lortzeko eta igoerek biztanleriaren sektore kalteberetan ondorio negatiboak izatea saihesteko. OHZn 3 proposamen baino ez dizkigute onartu, EH Bilduren gainerako proposamenak atzera bota dituzte.

Azaldutako arrazoi guztiengatik, gobernu-taldeak proposatutako ordenantza fiskal guztiei ezezko botoa eman diegu, abstenitu garen OHZri dagokionez izan ezik.