EARLEn 5 etxebizitza-bloke eraikiko dira, eta horietatik hiru etxebizitza librekoak izango dira. Etxebizitza libreko blokeak jada eraikitzen eta saltzen ari dira.
Beraz, gauzatzeko dauden bi bloke falta dira, bata Etxebizitza Tasaturako eta bestea alokairuzko Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko.
Osoko Bilkuran galdetu genuen zergatik gertatu den desoreka hau, eta erantzunak oso kezkatuta utzi gaitu; izan ere, Gobernu Taldearen arabera, 2022an Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailera jo zuen orube hori lagatzeko asmoz, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Egoera kafkiarra iruditzen zaigu, Denis Itxaso PSEko sailburuaren eskakizun publikoak ezagututa.
EH Bildu Leioak Udalaren eta Etxebizitza Sailaren gelditasuna salatu nahi du, izan ere, ekintza eza honek babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza libreen artean bi urte baino gehiagoko aldea izatea baldintzatuko du. Era berean, eta etxebizitza tasatuen prezio hain altuak kontuan hartuta, etxebizitza horiek salmenta-kudeaketako erregimenean babes ofizialeko etxebizitza bihurtzea eskatzen dugu (kooperatiba edo erakunde publiko bidez). Etxebizitza politika herritarren mesedetan jarri behar delako.