EAJk eta PSEk aurrekontu kontinuistak aurkeztu dituzte. Kezkagarria da udalaren agindu honetan gauzatu behar ziren eta udalerriarentzat estrategikoak diren proiektuak aurrera eramateko kudeaketa-gaitasunik eza: erdialdearen erreforma, kiroldegia, Pinueta eraberritzea… Alkatearen aitzakia izan da pandemiak elementu asko geldiarazi dituela, baina, alderantziz, ikusten dugu Lamiakon hirigintza-pilotakada bat ahalbidetu nahi duen Hitzarmena Aurrera jarraitzen ari dela, edo Kurkudin HAPOren aldaketa ere Aurrera jarraitzen ari dela ikusten dugu, makrokiroldegi pribatu bat eraiki ahal izateko.
Udal Aurrekontuak negoziatzeko orduan, EH Bilduk eskua luzatu dio gobernu taldeari, jarrera eraikitzaile eta negoziatzaile batean. EH Bilduk 2,5 milioi euro inguruko zuzenketak aurkeztu zizkion udal aurrekontuari. Gobernu taldearen erantzuna, Iban Rodríguez alkatea buru zela, 150.000 €-ko zuzenketak onartzea baino ez da izan, EH Bilduk lehentasunezkotzat jotzen zuen partidarik sartu gabe.
Hau da, gobernu-taldeak udal-aurrekontuak udalerriko bigarren indar politikoarekin negoziatzerako orduan, soilik % 0,35 osatzen ez duten zuzenketak onartzea proposatu zuen. Hau al da benetako kogobernantza bat? Negoziazio serioa al da? Edo gobernu-taldearen “paripé” batean egon gara, gobernantza partekatuaren irudia emateko asmo argiarekin?
Hirugarren urtea da berriro gauza bera errepikatzen dugula, Gobernu Taldeak ez duela negoziazio seriorik egiten, ez dela arduratsua hartutako konpromisoekin, aurreko urteetan adostutako eta garatu gabeko guztian frogatu den bezala, ez duela EH Bildurekin proiektu estrategikorik adostu nahi, eta errealitatearekin bat ez datorren kogobernantzaren irudia eman nahi duela. Eta aurten talde honek ia agintaldi osoan esan duena oposizio osoak errepikatu du. Pena da gobernu-taldea ezgai izatea aurrekontuen proiektuan leioaztarren ordezkaritzaren proposamenak sartzeko.
Eta bitxia da, zeren eta gogoratu nahi baitugu, Sabino Arana oinezkoentzat jartzeko proiektuak, tranbiarik gabe noski, edo auzobusa baten beharra, urteetan ia bakarka eskatu ondoren, errealitate bihurtu zirela, azkenean gobernu-taldea konbentzitu eta aipatutako proiektu horiek egia bihurtzeko ahalbidetu zuten zuzenketak adostu ondoren. Eta bitxia da, baita ere, proiektu hauek, S. Arana oinezkoentzat bihurtzea eta auzobusa, leioaztarrek berriki egin zaien inkestan hobekien baloratutako zerbitzuak eta proiektuak izatea! Zer esan nahi du horrek? EAJk akordioei uko egiten diela adostutako proiektuak arrakastatsuak ez direlako? Edo EH Bilduk teknikoki posible den proiektu serio bat duela frogatuko den beldurragatik, bizilagunen, auzoen eta pertsona ahulen beharrak jasotzen dituena eta premia horiek konpontzen dituzten proiektuak planteatzen dituelako?
Herritarrekin partekatu nahi ditugu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak, EAJk eta PSEk onartu ez dituztenak:
Carbonera: Gazteontzako alokairu sozialeko etxebizitzak + Emakumeen Etxea + Lurazpiko aparkalekua
Kurkudi: Mendi-mazela osoan baso autoktonoa berreskuratzea + Leioako ingurumen-gela sortzea.
Gazteentzako partidak: hileko azken ostegunak OndizDorrean + Jarduerak igande arratsaldeetan Sakonetan…
Berdintasuna: Seguruak ez diren puntuak kentzea, berdintasun-teknikari bat kontratatzea, Emakumea eta Kirola programa…
Pinuetako inbertsioak: auzoaren eraberritze integrala + aparkaleku publikoa + auzoak ikastetxeekin dituen loturak hobetzea..
Lamiakoko inbertsioak: Lamiakoko antzokia eraberritzea, udal jabetzako Neinorreko etxebizitza berrien etxabeak egokitzea Ludoteka eta erabilera anitzeko aretoa sortzeko, frontoiak konpontzea…
Ingurumena eta mugikortasuna: Leioandiko baso-berritzea eta jolas naturalizatuen lekua, bizikletentzako aparkalekuak, planta fotovoltaikoa eta tokiko energia-komunitate bat sortzea, udal-eraikinetan eguzki-panelak jartzea, Leioako Gerriko Berdea sortzea (Dartsena, Pinosolo, Kurkudi), ibaiak eta errekak berreskuratzea eta mantentzea, birziklatzeko paperontziak, 2023-2028ko Tokiko Plan BideZikloa, irisgarritasuna hobetzeko piktogramak, Avanzada hilean behin ixtea igandetan jarduera elektrikoetarako.
Etxebizitza: Alokabideren bidez udalerriko etxe hutsak alokairuan jartzeko kanpaina, Udalaren Etxebizitza Parkea sortzeko bigarren eskuko BOEak erostea..
Beste batzuk: Leioako Bertso Eskola, herriko ikastetxeekin egindako hitzarmenen eskutik, Euskara Kirolean, Iturribiden igogailua, ELZren balizko publifikazioari buruzko azterlana…
Igoerak planteatu ditugu honako partida hauetan: Jai Batzordeetara bideratutakoak, Lamiako Maskaradari dirulaguntza nominala gehiago, euskara eta euskal kultura bultzatzera bideratutakoak, Gizarte Urgentzia eta Etxeko Laguntza Zerbitzua, Lejoanbusa hobetzeko zuzkidura handiagoa…