AKTUALITATEA


| 2022-06-22 13:52:00

Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Are gehiago, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea behar du, aurrez-aurre dituen erronkei erantzun ahal izateko. Euskal herritarroi dagokigun oinarrizko eskubidea da, eta demokrazian sakontzea ere bada.

Horregatik, EH Bilduk aintzat hartzen du Gure Esku Dago-k (GED) milaka herritarren sinadurei bide emanaz gaur Parlamentu honi egindako eskaera eta, hortaz, Legebiltzarreko Mahaiari eskatzen dio Erregelamenduaren arabera Eskaera Eskubideari bide eman diezaiola.

Herritarren borondateak tokia izan behar du Legebiltzar honetan eta GED-k egindako ahaleginari  zor diogun erantzunagatik eta herritarren borondateari diogun errespetutik arituko gara. Bada, EH Bilduk konpromisoa hartzen du irailetik aurrera eskakizun honi erantzuna emateko eta ekimena hartzeko.

Halaber, EH Bilduk Pirinioak argiztatzeko ekimenean, alegia, Piriniotako bidean, parte hartuko du uztailaren 2an eta herritarrak bertan parte hartzera deitzen ditu, Herri honek duen erabakitzeko eskubide demokratikoaren aldeko aldarria ozen entzun dadin.